Herri olinpiaden hirugarren jardunaldia egingo dute bihar goizean Hondarribiko Alde Zaharrean. Punteria jokoen eguna izango da
Aurreneko biak, hurrenez hurren, Portuan eta Jaizkibelen egin eta gero, Alde Zaharrak hartuko du bihar goizean Hondarribiko Herri Olinpiaden hirugarren proba. 09:45ean hasiko dira lehiaketak, Kale Nagusian —eguraldi txarra eginez gero, Soroetako pilotalekura mugituko dira parte hartzaileak—.
Punteria Eguna izango da biharkoa, eta abilezia horri lotutako bi proba antolatu dituzte: giza boloak eta My God. Baina aurretik, garai berriko II. Herri Olinpiadetako 36 taldeek beste zeregin bat izango dute, hieroglifiko bat asmatzea. Hori izango da hirugarren jardunaldiari hasiera emango dion lehia.
Lehen proba horretan talde guztiak batera ariko dira, baina sei gunetan banatuta. Hieroglifikoa asmatzen azkarra izateak abantaila ekarriko die hurrengo probari begira, giza boloetan boloaren kokalekua aukeratzeko lehentasuna izango baitute gune bakoitzeko talde azkarrenek.
Probak, kalean eta plazan
Hieroglifikoaren ondoren izango dira punteria probak, giza boloak Kale Nagusian eta My God, Arma Plazan. Giza boloetarako, talde bakoitzeko kide bat boloz jantziko da eta gainontzeko taldekoek hura jotzen saiatu beharko dute, kalearen alde batetik bestera lotuta egongo den bola batekin.
Azken proba My God jokoa izango da —baloi errearen antzerakoa, antolatzaileen esanetan—. Aldapa igota egingo dute, plaza lau gunetan banatuta. Txanda bakoitzean zortzi talde ariko dira batera eta bat gailendu arte ariko dira baloia bota eta bota.
Ohi bezala, astelehenetik aurrera
hondarribia.hitza.eus webguneko
olinpiadetako atal berezian azalduko da bihar gertatutako guztiaren berri: argazkiak, bideoa, kronika serioa, eta abar.