Hitzaldi sorta, proiektu alternatiboak gertutik ezagutzeko
"Banka, energia edota telekomunikazio zerbitzu alternatiboak eskaintzen dituzten hainbat proiektu ezagutzeko" aukera eskainiko du Olatukoop Bidasoa sareak.
Olatukoop Bidasoa sareko kideak, Lakaxita bulego gisa utzi zuten egunean.
Olatukoop Bidasoa sareak subirautza ekonomikoaren inguruko saioekin jarraitzen du. Hitzaldi sorta bat izango da hurrengo egitasmoa, antolatzaileek diotenez, “banka, energia edota telekomunikazio zerbitzu alternatiboak eskaintzen dituzten hainbat proiektu ezagutzeko”. Horretarako, bi jardunaldi antolatu dituzte.
Lehena, datorren ostegunean (hilak 10) izango da, BDS Koop eraldaketa fabrikan (Aixin zolua 5, behea). Bertan ondorengo kooperatibak gertutik ezagutzeko aukera eskainiko diete bertaratutakoei: Fiare banka etikoa, Koop57 kreditu kooperatiba, Goiener energia berriztagarrien kontsumo kooperatiba eta Izarkom telekomunikazio zerbitzuen kooperatiba.
Hilaren 24an berriz, Labore Txingudi kontsumo elkartearen eta Aldatsa baratza kooperatibaren txanda iritsiko da. Saio guztiak, 18:00etan izango dira.