Berdintasun arloa sortzeko exijitu diote Hondarribiko Udalari

Berdintasun Arloa eskatu dute

Pilar Blancok euskaraz eta Suni Gutierrezek gaztelaniaz irakurri zuten testua

Hondarribiko emakume eta gizon talde batek genero indarkeriaren kontrako neurriak eskatu zituen larunbat goizean udal liburutegiko balio anitzeko aretoan. Azaldu zutenez, ez dira inongo talde edo elkarteko kideak, eta indarkeria sexistarekiko kezkak elkartu ditu. Zentzu horretan, udalari urratsak emateko exijitu zioten, “gizarte honetako gaitz larri hau gure etorkizuneko belaunaldiei oinordetzan ez uzteko”.

Larunbatekoa izan zen euren lehen agerraldia, eta indarkeria sexistari aurre egiteko eraldaketa sozialak exijitzeko baliatu zuten: “Estruktura sozial injustu honek, egunero ikus daitekeen bezala, hiltzerainoko min fisikoak zein psikologikoak eragiten ditu, bai biktimengan, bai gizarte arduragabe honetan ere”.

“Herri eta hiri gehienetan ez bezala”, Hondarribian Berdintasun departamentu edo teknikaririk ez dagoela salatu zuten, eta figura hori “premiazkoa, ezinbestekoa” dela adierazi: “Sail horrek Berdintasun Planaren idazketa koordinatuko luke, non hondarribiar emakume eta gizonen ekimenak bilduko liratekeen eta arazoari aurre egiten lagunduko ligukeen”. Gainera, gazteen artean prebentzio eta sentsibilizazio kanpainak aktibatzeko galdegin zuten, “berdintasunean oinarritutako balioak sustatzeko eta genero-indarkeria zein biktimen babesgabetasuna desagerrarazteko”.

Pilar Blancok euskaraz eta Suni Gutierrezek gaztelaniaz irakurri zuten larunbatean aldarrikapen testua. Behean osotasunean irakurri daiteke:

Matxismoak hiltzen gaitu

Prentsaurreko honen helburua honakoa da: zuekin partekatzea genero-indarkeriak sortzen digun egonezina, segurtasunik eza eta babesgabetasuna, arazo larri honen ikuspuntu guztiak kontuan hartuta.

Baliogabetutako emakumeak, beldurraren ondorioz menderatuak direnak. Seme eta alaba txikiak, ekintza bortitzak pairatzera eta ikustera behartuta daudenak, bikotekide baten beldurrak eraginda bestearen indarkeriaren ondorioz. Azkenean, administrazioak hala erabakita, gurasoengandik bananduak izaten dira. Ume horiek etorkizunean helduak izango dira. Kontziente gara horretaz?

Administrazio publiko eta Judizialaren aurrean ausarki borrokatu behar izaten dute gizonezkoak frogatzeko haiek ez direla milaka aldiz entzun dugun sexu indartsu hori, eta ez dutela izan nahi, gainera. Zer da sexu indartsua? Zer da sexu ahula?

Gizarte honek sortutako rolak, telebista, musika eta heziketaren bidez bereganatu ditugu, besteak beste. Sexu ahula garela entzuteak, izugarrizko mina eragiten digu. Txiki sentitzen gara, bai, momentu askotan txiki sentitu izan gara. Eta ziur gaude, ez garela bakarrak izango.

Estruktura sozial injustu honek, egunero ikus daitekeen bezala, hiltzerainoko min fisikoak zein psikologikoak eragiten ditu, bai biktimengan, bai gizarte arduragabe honetan ere.

Gure Udalean, herri eta hiri gehienetan ez bezala, ez dago Berdintasun Sailik. Hori dela eta, hona hemen gure eskaera: premiazkoa, ezinbestekoa da sail hori sortzea. Sail horrek Berdintasun Planaren idazketa koordinatuko luke, non hondarribiar emakume eta gizonen ekimenak bilduko liratekeen eta arazoari aurre egiten lagunduko ligukeen.

Hondarribian eman diren azken genero-indarkeria gertaeren aurrean, erabakigarriak izan dira bizilagunek biktimei emandako elkartasuna eta erantzuna. Hala eta guztiz ere, esku-hartze hori eraginkorragoa izango litzateke baldin eta horrelako egoerei aurre egiteko Ekintza Protokolo bat izango bagenu. Ekintza Protokoloa beharrezkoa da herritar guztiok jakin dezagun zer egin behar den horrelako egoera baten aurrean eta, aldi berean, biktimek jakin dezaten zeintzuk diren beren eskubideak. Era berean, beharrezkoa da biktimak babestuta senti daitezen salaketa jartzeko garaian eta egoera atzeraezinak saihestu daitezen.

Horrez gain, ezinbestekoa iruditzen zaigu prebentzio- eta sentsibilizazio-lana egitea biztanleria gaztearen artean, berdintasunean oinarritutako balioak sustatzeko eta genero-indarkeria zein biktimen babesgabetasuna desagerrarazteko.

Gure inguruko herrietako udaletan hasiak dira halako lanketak egiten. Ez diezaiegun gure etorkizuneko belaunaldiei oinordetzan utzi gizarte honetako gaitz larri hau.

Matxismoak hil egiten gaitu!

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend