Iñaki Lopetegi Donostian igandean jokatu zen maratoian izan zen gipuzkoar azkarrena. Lehen aldia zen maratoi bat egiten zuena.
Iñaki Lopetegi, Donostiako maratoian.
Bidasoa Atletismo Taldeko (BAT) kide Iñaki Lopetegi irundarra Gipuzkoako txapeldun izan zen igandean Donostian izan zen maratoian. Lasterketa nagusiko sailkapenean bederatzigarren izan zen 2:31:19 denborarekin. Marka horrek ahalbidetu du aurtengo herrialdeko txapela eramatea. Maratoi bat egiten zuen lehen aldia zen.
Hasieran zuhur hasi zen Lopetegi, lehen aldia zelako maratoia egiten zuela. Baina lasterketaren erdian jada lehen gipuzkoarra zen eta postua ez zuen utzi helmugara iritsi arte. Lopetegi, esan bezala, sailkapen nagusian bederatzigarren izan zen. Irabazle orokorra David Kiprono keniarra izan zen, 2:11:10 denborarekin. Gipuzkoako Txapelketan bigarren Mikel Rodriguez Tolosa taldeko kidea izan zen (2:31:58), eta Goierri Garaia taldeko Xabat Manzisidor hirugarren (2:32:43).
Jose Gomez de Arriba, igandean, Donostian.
Donostiako maratoiaren barruan, beste hainbat lasterketa izan ziren, tartean maratoi erdia edo 10 kilometroko lasterketa. Maratoi erdian, BATekoen lana ere ona izan zen, Jose Antonio Gomez de Arriba seigarren izan zelako sailkapen nagusian, eta lehen gipuzkoarra (ez zen Gipuzkoako Txapelketa). 1:09:57ko denbora egin zuen.