Hartu Hitzak antolatutako galdeketa hasi berri da; hamasei hautetsontzi jarri dituzte hiru guztian
Goiz jaiki dira irundar asko, euren botoa emateko.
Hartu Hitzak antolatutako herri galdeketa hasi berri da. Milaka irundar deitu dituzte euren erabakitzeko eskubidea egikaritzera, eta horretarako, hamasei hautetsontzi jarri dituzte hiri osoan banatuta. 16 urtetik gorako 51.618 herritar daude bozkatzera deituak.
Honako galdera erantzun beharko dute herritarrek:
Irundar gisa, nolako etorkizun politikoa nahi duzu gure herriarentzat?. Eta erantzuteko, hiru aukera izango dituzte:
Euskal estatu burujabe eta independentea,
estatus politiko berri bat, estatu espainiarraren barruan edo
gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoa.
Behin mahaiak irekita, honakoa izango da eguneko egitaraua:
- 10:00-10:30: Nazioarteko begiraleen bisita eta berme batzordearen agerpena.
- 11:30-13:00: Irundar esanguratsuen boto emana San Juan plazan (Besteak beste, Inma Landa Irungo Alarde Parekideko Jenerala, Ander Elosegi piraguista olinpikoa, Ion Martinez Santamaria Irungo Udal Bandaren partaidea, Asier Burguete Go!azen telesaileko protagonista eta Beñat Larrukert youtuberra).
- 13:00: Lehen kontaketa eta jendaurreko agerraldia.
- 15:30-20:00: Kaleko animazioa.
- 20:30: Behin behineko kontaketa eta ondoren, festa.
Bozkalekuak
Botoa emateko hamasei mahai horiek honako tokietan egongo dira: Pinar-Anzaran (Lucas de Berroa, 2), San Miguel (Basurko, 5), Anaka (Zubelzu,3), Belaskoenea (Piketa Zaharra, 28), Landetxa (Bizkaia, 15), Elitxu-Lapitze (Pio XII plaza), Larreaundi (Eguzkitzaldea 21-23), Alde Zaharra 1 (San Juan plaza), Alde Zaharra 2 (Urdanibia plaza), Arbes 1 (Arbesko errota, 5), Arbes 2 (Alzukaitz kalea, 13), Behobia (Endarlatza Hiribidea, 6), Artia (Pio Baroja 30-32), Dunboa (San Pedro plaza), Santiago-Beraun (Santiago, 51) eta erdigunea (Kolon ibilbidea, 32).