Nagiak kenduta, jende dezente hurbildu da botoa ematera; San Juan plazan dantza, txalapartariak eta abar egon dira, baita begiraleak ere
Nazioarteko begiraleak 10:00ak inguruan hurbildu dira San Juan plazara.
Emakumeak izan dira Hartu Hitzaren galdeketan botoa eman duten lehen irundarrak, baina ez dira goiz jaiki diren bakarrak izan. Goizeko lehen orduan, normala izan ohi den bezala, apurka hurbildu dira boto emaileak hamasei hautetsontzietara. Orduak aurrera joan ahala, herritar fluxua handituz joan da. Eguerdian, poteoaren orduaren hastapenarekin batera, ilara batzuk ikusi dira.
San Juan plaza da hiriko erdigunea, baita gaurko galdeketarena ere. Dantzariak, txalapartariak eta beste izan dira bertan, giroa —are gehiago— alaitzen. Nazioarteko begiraleak ere bertara hurbildu dira, eta hainbat arlotan nabarmendu diren irundarrek ere bertan eman dute botoa.
Euriak festa zapuzteko keinua egin du, baina mehatxu antzua besterik ez da izan. Oraindik bozkatu ez duenak, 20:00etara arte du denbora. Hamarnaka boluntarioren lanak ahalbidetuko du hori.