Antolatzaileak pozik daude orain arteko datuekin; oraindik etxetik atera ez diren irundarrak animatu dituzte hautetsontzietara hurbil daitezen
13:00ak inguruan itxura hau zeukan San Juan plazako bozkalekuak.
Hartu Hitza elkarteak, gainontzeko udalerrietan egin ohi izan den bezala, galdeketaren lehen balorazioa egin du 13:00etan. Xabier Martinez eta Elena Berazadik, Hartu Hitza elkartearen izenean, goizak eman duenaren errepasoa egin dute.
07:30erako boluntario guztiak bakoitzari zegokion txokoan zeuden, eta ordubete beranduago mahai guztiak prest zeuden boto emaileak jasotzeko. Galdeketa hasteko ordua 09:00etan izan da, eta bi txupinekin iragarri dute.
12:30era arte, arazorik izan ez dela nabarmendu du Berazadik: “Dena oso ongi joan da, ez da inolako arazorik egon. Sistema informatikoak ere bai ederki funtzionatu du”. Parte hartze datuei dagokienez, hamasei urtetik gorako irundarren %4,24 izan da botoa hautetsontzian sartu duena. Alegia, 2.265 lagunek. Botoa emateko aukera 20:00 arte dago, eta oraindik etxetik atera ez direnak animatu dituzte. Horrez gain, 300 boluntarioen laguntza eskertu du Hartu Hitzak.