Behobia-Donostia lasterketaren epizentroa, Irunen

Irteera bakarik ez. Aurtengo Behobia-Donostiako korrikalarien feria Ficoba Euskal Kostaldeko Erakustazokan egingo dute ostirala eta larunbata artean. Bertako hiru pabiloiak hartuko ditu feriak.
Ficoba

Ficobako sarreretako bat.

Behobia-Donostia lasterketa Donostian bukatu bai, baina den-dena Irundik hasiko da. Ez bakarrik lasterketa. Aurreko urteetan Anoetako belodromoan edo Kursaalen egin izan den korrikalarien azoka, aurten, Irungo Ficoba Euskal Kostaldeko erakustazokan egingo dute. Bertako hiru pabiloiak hartuko ditu feria horrek, ostiralean eta larunbatean.
Fortuna Kirol Elkarteak jakinarazi du bertara joateko gomendagarria dela garraio publikoa erabiltzea. Hala ere, Ficoban 1.000 autok aparka dezaten tokia dago, lur azpiko eta kanpoko parkinetan. Doan dira biak ala biak.

Ostiralean, 12:00etatik 21:00etara egongo dira zabalik Ficobako ateak bisitariak jasotzeko. Larunbatean, berriz, 10:00etatik 20:00etara irekiko dute. Kirol arropa saltzeko postuak, nutrizio gaienak, edonora korri egitera joateko bidaienak eta bestelakoak izango dira. Horrez gain, korrika egitearekin harremana duten hitzaldiak jasoko ditu. Baina izango dira igandean proba egingo dutenentzat funtsezko zerbitzuak.

Dortsalak eta kontsigna
Korrikalarien mesederako dauden zerbitzuetatik nabarmenena da oraindik dortsala jaso ez dutenek, Ficoban bertan izango dutela elastikoan itsatsita eramango duten zenbakia jasotzeko aukera, erakustazokara sartu eta berehala izango den gunean. Han, sarreran, hainbesteko arrakasta duen photocall-a ere ezarriko dute.

Korrikalari ia gehienek erabiltzen duten zerbitzua da kontsignarena. Hala, Ficobaren kanpoaldean kamioi bat prest egongo da ostiralean eta larunbatean partaideen motxilak eta poltsak hartu —dortsalarekin batera ematen den itsasgarria jarri behar zaie—, gorde, eta lasterketa bukatzean jasotzeko (Gipuzkoa plazan).

Igandean bertan bada motxilak uzteko aukera: Donostian Gipuzkoa plazan (helmugan) nahiz Groseko Zuhaizti kiroldegian (07:30etik), eta Ficobako kamioian, 09:30ak arte.

Donostiatik ekialdera jauzi egin du lasterketaren epizentroak. Izan ere, Behobiaren bidearen %75 Bidasoa eta Oarsoaldea artean egiten da. Baina bukatzeko hiriburura iritsi behar.

Lotutako albisteak:

+Iazko Behobia-Donostia Irunen. Hiriko sailkapena, eta irudi galeriak.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend