Gaurtik, herri galdeketa abian Irunen

hartuhitza

Larunbatean, herritarren zutabeak Luis Marianon.

Gaur hasiko da erabakitzeko eskubidearen gaineko herri galdeketa, irundarrek Euskal Herrian zein estatus politiko nahiko luketen adieraz dezaten. Azaroaren 18an 16 hautesleku jarriko dituzte Irunen Hartu Hitza Irunek herritarrei proposatu dien galderari erantzuna emateko. Baina aurrez ere botoa emateko aukera dago, gaurtik azaroaren 16ra.

Larunbatean egin zuten ekitaldiarekin, irudikatu nahi izan zen jada Irunen zirela hautetsontziak. Auzoetatik erdigunera iritsi ziren, hiriko auzoetan ere errotu egin delako galdeketaren nahia. Orain, horietako bat, hamazazpigarrena izango dena, erabiltzeko aukera dago. Aurrez botoa emateko bozkalekua Hartu Hitza Irunen egoitzan dago (Arbelaitz kalea 3, Irungo Atsegiñaren atzealdean). Honako ordu eta egunetan egongo da zabalik aurretiazko hauteslekua:

  • Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 21:00etara.
  • Larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
  • Igandetan, 11:00etatik 14:00etara.

Hiru aste barru, eta egunotan Hartu Hitza Irunen egoitzan botoa emateko baldintza jakin batzuk bete behar dira. Honakoak dira:

  • Irunen erroldatuta egotea.
  • 16 urte baino gehiago izatea (16 urtekoak barne).
  • Irungo helbidea adierazten duen eta iraungi gabe dagoen NA-a. Agiri hori iraungita badago edo helbiderik adierazten ez badu, errolda agiria eraman beharko da beharrezko den agiriarekin batera (NA, pasaportea, gida baimena edo EHNA).

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend