Irailaren 8ko erasoak gaitzesteko mozioa aurkeztu du Hondarribiko EH Bilduk
Mozioaren helburua da irailaren 8an Jaizkibel konpainiak jasan zuen erasoaren aurrean alderdi politikoek euren jarrera agertzea.
Gaur da Hondarribiko udalbatzaren osoko bilkura, udaletxean, 18:00etan. Bertan zinegotziek aztertuko dituzten gaien artean Hondarribiko EH Bilduk aurkeztutako mozio bat dago: irailaren 8an, alardean, Jaizkibel konpainiari egindako zarata erasoa gaitzestea, eta hori berriz ere errepika ez dadin udalbatzaren esku dagoen guztia egitea eskatuko dute mozioaren bitartez. Hondarribiko EH Bildurentzat irailaren 8an gertatutakoa “eraso bortitza” izan zen, “lagun talde batek” egina, “Jaizkibel konpainia desfilatzerakoan, lagun talde batek honen jarduera eragotzi nahi izan zuen txiflo eta sirena hotsen bidez”. Hala, konpainien ezinbesteko ezaugarri musika jotzea dela uste du EH Bilduk, eta musika hori gabe ezin dela desfilatu. Are gehiago, lagun talde hori Jaizkibelen kontrako arbuioa adieraztetik, aurten haien desfilea eragoztera pasatu dela adierazi dute koalizioko kideek mozioaren testuan, “konpainia honetako kide askoren negarra eta sumindura piztuz. Edozein medikuk onartuko luke zarata eraso fisiko bat dela, edozein militarrek zarata erasoaren parte dela dakien bezala”. Oldarraldi horrekin Jaizkibelen kontrakoek bizikidetzarako behar den gutxiengo errespetua “askogatik” apurtu dutela adierazi du EH Bilduk. Jarrera publikoki adieraztea Mozioaren xedea, EH Bilduk nabarmendu duenez, ez da udalbatzak alardeari buruz eztabaidatzea, “nahiz eta hori oso beharrezkoa izan gure ustez”. Mozioaren asmoa da alderdi bakoitzaren jarrera publikoa azalaraztea egun hartan gertatutakoen aurrean: “Babesten ala arbuiatzen al duzue eraso hura? Bata ala bestea, argi eta garbi”. Demokrazia kontua dela adierazi du alderdiak, “oinarri-oinarrizkoak diren joko arauak ez baditugu ozen eta tinko aldarrikatzen, eta egindako okerrak publikoki arbuiatzen, babesa eta laguntza ematen diegu talde hauei edo beste edonori, justifikaezinak diren jarrerak berriro errepikatzeko inpunitate osoarekin”. Alardearen gaineko lanketa modu ireki, lasai eta presiorik gabekoan egin behar dela adierazi du EH Bilduk, eta gaurko udalbatzarrean gaiaz hitz egitea ez du apropos ikusten. Bestalde, gaurko udalbatzarrean gai gehiago izango dituzte aztertzeko zinegotziek. Ondoko PDFan, gaien zerrenda.