10:00etan abiatuko da 21.enez Donibane Lohizunen lasterketa. Hondarribiko Zuloaga kalean izango da helmuga, Irun pasatu ondoren.
Probaren zatirik gogorrena da Zokoa eta Hendaia artekoa.
Igandean izango da Euskal Herriko Maratoi Erdiaren 21. ekitaldia, ohikoa den bezala, Donibane Lohizune eta Hondarribia artean, Irun erdian dela. Jada izena emateko epea itxita dago (hilaren 15ean itxi zuten), eta aurten ere ehunka izango dira 21 kilometro pasatxoak egiten izango direnak. Proba 10:00etan hasiko da Donibane Lohizuneko Thiers bulebarretik, eta lehen lasterkariak 11:05 inguruan iristen hasiko dira Hondarribiko Zuloaga kaleko helmugara. 3.000 korrikalariren muga du Hondarribia Kirol Taldeak eta Ur Jokok antolatzen duten lasterketak.
Bidean lau anoa postu izango dituzte partaideek, 5, 10, 15 eta 18 kilometrotan. Hala, Donibane Lohizuneko Thiers bulebarretik hasi, Zokoatik Hendaiaraino doan kostako errepide malkartsua pasa (8 kilometro), Hendaia zeharkatu, Irunera Ficobatik sartu (ondoren Colon eta Hondarribia kaleak pasatuko dituzte lasterkariek), Mendeluko biribilgunetik Hondarribia aldera hartu, eta aireportua pasata iritsiko dira helmugara korrikalariak, hango Kale Nagusia pasa ondoren.
Korrikalariek aukera dute Hondarribitik Donibane Lohizuneko irteerara autobusez joateko (hori dortsala hartzerakoan zehaztu behar zen). Autobus horiek igandeko 07:30 eta 08:30 artean aterako dira Bernat Etxepare kaletik, Correos ondotik. Donibaneko irteeran korrikalariek motxila uzteko aukera dute (07:00-09:30), eta handik helmugara eramango dizkiete euren arropa eta bestelakoak. Dutxa zerbitzua egongo da Hondartza kiroldegian. 400 boluntariok lan egingo dute dena ondo joan dadin.
Dortsalak eta sariak
Dortsalak jasotzeko hainbat aukera daude. Honakoak dira:
- Donibane Lohizunen: hilaren 25etik 27ra (ostegunetik larunbatera), 17:30etik 29:00etara Thiers bulebarreko Antenne d’Animation gunean.
- Hondarribian: hilaren 26an (ostirala) 19:00etatik 20:30era Jostaldi kiroldegian; hilaren 27an (larunbata) 10:30etik 13:30era Jostaldi kiroldegian.
Gizonen eta emakumeen kategorietan lehen hiru sailkatuek jasoko dituzte sariak: lehenak 300 euro, bigarrenak 200, eta hirugarrenak 100. Oroigarriak ere emango dizkiete. Lasterketaren errekorra hausten duenak, beste 1.200 euro irabazteko aukera izango du.