Pasodobleak baino gehiago bandaren biharko kontzertuan

Abiyuan txarangari abesti bat eskainiko dio bihar Nagore Iridoyk zuzenduko duen emanaldiak. Bigarren zatirako txistulariak batuko zaizkio bandari.

Hondarribiko Hiria Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko du bihar, hilak 12, Itsas Etxea Auditoriumean. Izan ere, Abiyuan txarangak asteburuan ospatuko duen 15. urteurrenarekin bat egingo du bandak, eta Kerman Perezek idatzitako Abiyuan kalejiraren bandarako moldaketa estreinatuko dute. Abestia ez da berria, txarangak jo izan duelako, baina bandarako moldaketa lehen aldiz entzungo da bihar. Dudarik gabe, une polita izango da txarangako kideak ere diren bandako musikarientzat. 12:30ean hasiko da kontzertua eta Nagore Iridoyk jardungo du zuzendari bezala, Alazne Alberdi ordezkatuz. Abiyuan jo aurretik, urriaren 12ko kontzertuetan ohikoak diren pasodoble doinuak interpretatuko ditu bandak. Aurten, Ramon San Joseren Todos son nubes, Jose Francoren Agüero eta Jaime Teixidorren De Andalucía a Aragon hautatu dituzte. Kontzertuaren bigarren zatian Hondarribiko Txistu Taldea batuko zaio musika bandari. Elkarrekin lau pieza interpretatuko dituzte: Gainzaren Biribilketa, Victor Zubizarretaren Txistulariak (Jagoba Astiazaranen moldaketa), Domingo Egileorren Koikille arin-arina eta Laskuraini omenaldia, Antonio Ibarrondoren instrumentazioa.
Musika Banda Santa Zezilia

Alazne Alberdi, Hondarribiko Hiria Musika Banda zuzentzen. Bihar Nagore Iridoyri utziko dio lekua

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.