Bordariko eta Talaia institutuko ikasleen gurasoak haserre daude, agintaldian ez delako gaian aurrera pausu handirik eman.
Hondarribiko Bordari ikastetxeko eta Talaia Institutuko ikasleen gurasoek
sinadura-bilketa abiatu dute, udalari bidegorria eraiki dezan eskatzeko. Haserre daude, agintaldian ez delako gaian aurrera pausu handirik eman. 2017ko azaroan Kopa eta Abarka arteko bidegorri zatia egin zuen udalak, baina zati hori isolatuta dago, eta ez du jarraipenik izan, ez Abarkatik aurrera, ezta Kopatik atzera ere.
Hala, Bordarira bizikletaz edo patinetez joaten direnek egoera arriskutsuak bizitzen dituzte egunero, Baserritarren etorbideko espaloiak oso estuak direlako. Horregatik, “gure seme alabek behar duten segurtasunarekin eskolara iritsi daitezen”, azpiegitura sortzea eskatu diote gurasoek udalari.
Gurasoak ez dira bidegorrien gaiagatik Hondarribiko Udalarekin haserre dauden bakarrak. Balazta bizikleta erabiltzaileen plataformak ez du aurten urriko Mugikortasun Astearen antolakuntzan parte hartu. Haien ustez, udal gobernuak ez du behar adina egiten irisgarritasunaren alde: “Argi dago gauza batzuk egin direla, baina pentsatzen dugu keinu txikiak baino gehiago aldaketan sinetsi eta mugikortasun ereduaren aldaketa bideratu beharko lukeela udalak, kotxe pribatuaren menpe bizi ez den hiri baten ereduaren alde eginaz”.
Bidegorriaren aldeko elkarretaratze bat