Mikel Olaziregi eta Iñigo Sanz Abiyuan txarangako kideak.
Azkar esateko
abiyuan esaten dute hondarribiarrek, eta izen hori du herriko txarangak. Hamabost urte bete ditu aurten, eta hilaren 12tik 14ra ospatuko dute. Ezin daiteke esan talde historikoa denik, baina ibilbidean baditu kontatzeko xelebrekeri bat baino gehiago. Esaterako, arraun elkartearekin harremana zutelako, San Miguel Ligako txaranga ofiziala izan ziren bi urtez. Eta kristoren aurpegi dutelako, 2007an Malagan egin zen saskibaloiko Errege Kopakoa. Iñigo Sanzek txaranga sortu zenetik jotzen du bertan; Mikel Olaziregik, aldiz, belaunaldi berriak ordezkatzen ditu.
Olaziregi eta Sanz, musika eskolan
Abiyuan pasa dira hamabost urte…
Sanz: Zeinek esango zuen! Egia esan ez du ematen 15 urte pasa direnik, atzo hasi ginela esango nuke. Baina bai, 15 urte dira, hori ari gara ospatzen behintzat.
2003ko inauterietan atera zineten lehen aldiz, ez?
Sanz: Hori gure lehen emanaldi ofiziala izan zen, Abiyuanen arroparekin. Baina lehenagotik bi urtez ibili ginen Hondarribiko estropadetan jotzen, udal musika bandako jende multzo bat, eta bandatik kanpoko fitxaje batzuk, baina ez Abiyuanen izenarekin.
Nolatan hasi zineten?
Sanz: Beharra ikusten genuen. Gure aurretik Herritarrak ibili ziren, Mikelen [Olaziregi begiratuz] aitona eta, baina utzita zuten, eta hutsune bat zegoen. Horregatik hasi ginen estropadetan jotzen. Eta gero, ‘zergatik ez gara zerbait serioagoa egiten?’ esan genuen, urtean zehar jotzeko.
Jose Antonio Indorengana joan ginen, Truck dantzalekuko jabea zen bera, eta uste dut 200.000 pezeta (1.200 euro) eman zizkigula. Horrekin arropa erosi genuen inauterietarako, eta hor hasi ginen, hura izan zen gure lehenengo lantxoa.
Bandatik sortutako proiektua izanik, ez zuen helburu profesionalik orduan.
Sanz: Ez, ez, alderantziz, ondo pasatzeko asmoz egin genuen. Eta hori izan da gure helburua orain arte, gure gorabeherak izan ditugu, baina helburua ez da aldatu.
Nolako txaranga zen hasierako hura?
Olaziregi: Txaranga baino gehiago fanfarre bezala hasi zen Abiyuan, musiko askorekin. Azken urteotan gure izaera aldatu dugu pixka bat, eta txaranga kontzentratuagoa gara. Gehienez hamabost pertsona elkartzen gara jotzeko.
Sanz: Donostiako danborradan jendea behar izaten da, eta hemezortzi biltzen gara, baina bestela hamabost gehienez. Hasi ginenean 25 ateratzen ginen, fanfarrea ginen, klarinetearekin, instrumentu desberdinekin… Orain ohiko txaranga gara.
Zergatik aldaketa?
Sanz: Urtetik urtera jendeak utzi behar izan du, jendeak hamabost urte gehiago ditu, haurrak, beste batzuk kanpora joan dira ikastera… Geratu garenok hutsuneak betetzea bilatu izan dugu, baina ikusten genuenen 25 ez ginela izango, 18 izatea erabaki genuen.
Olaziregi: Formatu efizienteagoa bilatu genuen.
Joan direnentzat bezala, geratu zaretenentzat ere esfortzua eskatzen du. Musika bandako kideak zarete, Elektropatxarangakoak, beste talde batzuetakoak…
Sanz: Esfortzua bai da, baina gustatzen zaigu, eta horregatik ez da hainbestekoa.
Baina ondokoei ere gustatu behar zaie, familiari, eta abar…
Olaziregi: [Burua jaitsiz] Bai, horretan bai da zorrotza egiten duguna, ez da erraza.
Sanz: Astero entseatzen saiatzen gara, ezin bada bi astean behin. Galdezka hasten gara, bost bagara ez dugu egiten, bueno, egin izan dugu bostekin ere, baina normalean gehiago izaten gara.
Olaziregi: Segun eta jendea nola dabilen. Bandako entseguak, beste txarangakoak, gauza asko izaten ditugu, eta gutxieneko zenbaki bat elkartu behar gara entseatzeko.
Sanz: Garaia ere kontuan izan behar dugu. Orain urteurrena dator eta gogor ari gara. Gero, Donostiako danborrada arte ez dugu ezer fuerterik. Neguan abesti berriak prestatzen saiatzen gara, eta inauterietarako, eta udara baino lehen, bi garai horietan kaña ematen diogu.
Zeintzuk izaten dira ekitaldi garrantzitsuenak?
Sanz: Hondarribiko estropada, Donostiako danborrada, inauteriak, ‘hilak 10’ [irailak 10, herriko jaietako Arrantzale Eguna], Portugaleteko estropada ere, azken bost urteetan joan izan gara… Eta gero ateratzen dena: ezkontzak, Gure Esku Dagoren ekitaldiak, omenaldiren bat… Eskaera egiten digutenean erdia baino gehiagok ahal badu, baietz esaten dugu. Baina badakigu ezetz esaten. Adibidez aurten uztailaren 7rako deitu ziguten ezkontza baterako, San Fermin Egunerako. Olaziregi: Ezin denean ezin da.
Hondarribiko arraunlarien harrera ahaztu zaizue… Ama Guadalupekoak bandera bat irabazten duen aldiro, Abiyuanek irekitzen du arraunlariei egiten zaien harrera desfilea.
Olaziregi: Hori igandero, igandero, igandero… [barrez]
Sanz: Jendeak ez du behar bezala baloratzen. Igandero joateko prest egon behar zara, bakarrik ordu laurden baterako.
Olaziregi: Hamabost pertsona juntatu, taldea orekatua izatea, bai musika tresnen aldetik, baita jendearen aldetik. Ez da erraza.
Aldez aurretik jakin gabe banderarik irabaziko ote duten…
Olaziregi: Guztiz baldintzatuta gaude. Baina Abiyuanek beti izan du arraun elkartearekin oso lotura handia…
Sanz: Urtean zehar askotan jotzen dugu beraiekin, ez harreretan bakarrik. Estropadaren egunean, banderen bedeinkapenean…
Olaziregi: Eta lantxo dezente ateratzen zaizkigu arraun elkartearen bidez, hori ere kontuan hartu behar da.
Abiyuan txarangako kideak, aurtengo Kontxako garaipen ondorengo omenaldia irekitzen
Aipatu dituzuen ekitaldi horietan guztietan, zeinetan egoten zarete gusturen?
Sanz: Ni estropada egunean, batez ere larunbata izaten denean. Aurten igandea izan da, eta ez zen hain polita izan.
Olaziregi: Bai, egun osatuenetakoa izaten da, goizean jo, elkarrekin bazkaldu, eta arratsaldean berriz atera jotzera.
Sanz: Inauterietakoa ere polita izaten da. Eta valentziarrekin egiten dugun urteroko trukaketa, Godella herriko L’Aixequella txarangarekin.
Hori noiztik egiten duzue?
Olaziregi: 2014tik. Ni orduan hasi nintzen. Valentziara lehen aldiz joan zirenean, saxoa jotzeko jendea behar zuten, eta galdetu zidaten ea animatzen nintzen. Eta joan nintzen.
Sanz: Jende heldua zegoen saxoa jotzen eta ezin izan zuten Valentziara joan. Bi saxo behar genituen eta Mikeli eta beste bati esan genien. Etorri eta taldean geratu ziren, besteen ordez.
Olaziregi: Belaunaldi aldaketa izan zen instrumentu horretan, besteek utzi nahi zuten eta gu sartu ginen.
Sanz: Oraindik badira helduak, 50 urtetik gorakoak… Uste dut Paquillok –tronpeta– 65 urte dituela.
Olaziregi: Haien eta gure artean erritmoak desberdinak dira, guk gauza gehiago egin nahi ditugu, gauza berriak egin, emanaldi gehiago bilatu… Beraiek konformatzen dira.
Iñigo, zu hasieratik zaude. Hamabost urte hauetan, zerekin geratuko zinateke?
Sanz: [Azkar erantzun du] 2007an saskibaloiko Errege Kopara joan ginen, Malagara. Finalerdietan eta finalean jo genuen, pabiloi kanpoan eta, barruan, partiden atsedenaldian. Bidaia izugarria izan zen.
2007ko Saskibaloiko Errege Kopako txaranga ofiziala izan zen Abiyuan
Nola lortu zenuten hori?
Sanz: 2005ean eta 2006an San Miguelek [garagardo lantegiak] kontratatu gintuen ligako estropada guztietan jotzeko, ez bakarrik Hondarribikoan, denetan, astebururo bi lekuetan. San Miguel Malagako Errege Kopako babeslea ere zenez, Jon Cerezal –bonboa– bazterrak nahasten hasi zen, ‘goazen eskatzera, bidaia doan ateratzen bazaigu…’. Jon eta biok hasi ginen San Miguelekoekin hitz egiten, eta lortu genuen. Hamabi musikari inguru joan ginen ostiraletik igandera Malagara, Torremolinosen apartamentuak hartuta. ‘Badator San Miguel txaranga’ aurkezten gintuzten bozgorailuetatik.
Txaranga ofiziala zineten?
Sanz: Bai, neutrala, gutxi gorabehera. Lehen finalerdian Real Madrileko zale batzuk kexatu ziren, Baskoniaren alde ari ginelako, eta VIP eremutik kanporatu gintuzten, beste eremu batera mugitu.
Zuretzat, Mikel, Valentzian debutatu zenuenekoa berezia izango zen, ez?
Olaziregi: Bai, oso berezia izan zen, sekulako oroitzapenak ditut. Denetarik zegoen, gogoak, nerbioak… Batzuek jada ezagutzen zuten elkar, baina beste batzuek ez, eta lagun pila bat egin genituen, eta oso giro ona zegoen denen artean.
Harreman hori mantendu duzue. Urtero egiten duzue trukaketa beraiekin.
Sanz: Bai, urte bat joaten gara gu Valentziara, hurrengoan beraiek etortzen dira. Aurten urteurrenerako etorriko dira.
2015ean Valentzian, L’Aixequella txarangarekin batera
Hilaren 12tik 14ra ospatuko duzue urteurrena. Larunbat goizean kalejira egingo duzue, baina arratsaldean musika tresnak aparte utziko dituzue. Arraro egingo zaizue!
Sanz: Arraroa izango da, baina gogoa badut, behingoz ez egoteko ni jotzen…
Olaziregi: Eta jaiaz disfrutatzeko. Inauterietan, edo Arrantzale Egunean, guk ere nahi dugu disfrutatu, baina jotzen gaude, ez da berdina. Eta hurrengo larunbatean bai, Incansablesekin eta Gazte Txarangarekin ondo baino hobeto disfrutatuko dugu.
Incansablesek bazkalostean joko du. Bazkaria irekia da. Nolako jendea hurbiltzea nahiko zenukete?
Sanz: Musika gustatzen zaion edozein.
Olaziregi: Gazteak, helduak… Txaranga bat publiko guztientzako bada, bazkari horretan ere hala behar du izan.
Sanz: Ondo bazkalduko dugu, eta sekulako giroa muntatuko da gero. Incansablesek joko du, seguru asko Euskal Herriko txarangarik onena da, eta pote batzuk hartuko ditugu elkartean. Gero kalera aterako gara, txarangekin.
Olaziregi: [Sanzi begira] Antolakuntza aldetik asteburu luzea izango da, valentziarrak ostegunetik datozelako. Harrera egin behar zaie, beraien gainean egon, lotarako lekua bilatu, jatekoak lotu.
Sanz: Asteburua gogorra izango da, astelehena gogorragoa.
Eta, asteartetik aurrera, etorkizuneko erronkei begira. Osasunez, nola dago Abiyuan, beste 15 urterako prest?
Sanz: [Arnasa botaz] Nik beste hamar egiten baditut, konforme, 25. urtebetetzera iristen banaiz [barrez]. Hauek esango dute, gazteek, hauen esku dago.
Olaziregi: Ea ba. Orain beste bi musikari berri sartu ditugu, oso gazteak, eskarmentu gutxikoak. Messirekin bezala, ea fitxaketa ondo ateratzen zaigun. Jarraitzeko gogoak baditugu, dudarik gabe, hori ez da aitzakia izango.
Sanz: Eta emanaldiak baditugu ere, urterokoak , eta ateratzen diren berriak. Aurten Durangoko Azokara joango gara, Gure Esku Dago eta Blagan Euskara Elkartearen bitartez goaz. Donostiako danborradan bost urte generamatzan behin bakarrik jotzen eta aurten bi izango dira… eta aterako dira beste batzuk.
Olaziregi: Ez dugu helburu berezirik, ateratzen dena egingo dugu.
Eta kezkarik?
Sanz: Igual tronboi on bat. Badira musika tresna batzuk, egun batean faltan izanez gero, erraz lor daitezkeenak, saxo bat… Beste batzuk zailagoak dira ordezkatzen. Gu ibili izan gara barne promozio antzerakoak egiten, musika tresna batetik beste batera pasatzen, hutsuneak betetzeko, baina txarangan tronboia ondo jotzen duen norbait ez da erraza aurkitzen, ez daude hainbeste.
Abiyuanek 15 urte. Egitaraua
Hilak 12, ostirala
- 12:30. Omenaldia, Itsas Etxea Auditoriumean, musika bandaren kontzertuaren barruan.
- 18:30. Poteoa Portuan, Abiyuan eta L’Aixequella txarangekin.
Hilak 13, larunbata
- 14:30. Herri bazkaria Klink elkartean (txartelak 20 euroan salgai Txantxangorri, Loretxu eta Branka tabernetan, eta Kai-Berri higiezinen agentzian). Bazkalostean Hernaniko Incansables txarangaren emanaldia (barra zerbitzua egongo da).
- Ondoren. Txaranga poteoa Alde Zaharrean zehar Iruñeko Gazte Txarangarekin.