Jose Angel Sodupe: «orain zaleekin batera eseriko naiz, beste edozein zale bezala»
16 urteko ibilbidearen ostean, urte amaieran Bidasoako presidente izateari utziko dio irundarrak: «Harrotasun handiarekin noa».
16 urteko ibilbidearen ostean, urte amaieran Bidasoako presidente izateari utziko dio irundarrak: «Harrotasun handiarekin noa, batez ere taldea ez delako desagertu, eta azken urteotan egoerak hobera egin duelako».
Hainbeste urteren ondoren, Bidasoako presidente izateari utziko diozu. Asko pentsatutako erabakia izan da?
Denboraldi honen amaiera hauteskunde urtea izango da. Nik jada bi legealdi daramatzat ez jarraitzeko asmoarekin, oso nekatuta nago. Taldearen egoera ekonomikoa ikusirik, ez da inor aurkeztera animatu azken bi hauteskundeetan. Nik ez nuen kluba noraezean utzi nahi, orduan aurrera egiteko erabakia hartu nuen. Orain taldea egonkor dago, egoera onean dago, eta bi irundarrek aurkeztu dute bere burua taldea zuzentzeko. Presidentzia uzteko une egokiena dela uste dut. Niretzako ohorea da bi hautagai aurkeztea, gauzak ondo doazelaren seinale. Nire lanbideari denbora gehiago eskaini nahi diot, azken urteetan laneko ordu asko galdu baititut. Ideia berberak edo ezberdinak dituztenei bidea eman behar zaie. Inork bere burua aurkeztu izan ez balu, ziur Jose Angel Sodupek beste lau urtez jarraituko zuela, baina nire etapa hemen amaitu da. Harrotasun handiarekin noa, batez ere taldea ez delako desagertu, eta azken urteotan egoerak hobera egin duelako.
Zein da urte luzeetako ibilbidearen ostean egiten duzun balorazioa?
Soilik gauza positiboekin geratu nahi dut. Lehen urteetan gauza oso politak bizitu genituen, bi urtez Europan lehiatzen ibili ginen, ekonomikoki batez ere beste mundu bat zen. Estatu mailan burbuila batean bizi ginen, astakeriak ordaintzen ziren jokalariengatik. Baina gauzak okertzen hasi ziren. Mailaz jaitsi zen Bidasoa hark 1,4 milioi euroko aurrekontua zuen, eta egun ditugun 800.000 euro horiekin Europan lehiatzeko aukera duzu, ezberdintasuna nabarmena da. Asobaletik jaitsi ginenean, gehiago kontrolatzen hasi ginen gastua. Orduan etorri zen Bidasoa ez desagertzeko arrakasta. Zorrak kentzeko poltsa bat egiten hasi ginen, politika oso egokia izan zen. Urtero goraka gindoazen, Artalekun play-offa jokatu arte. Ikusten zen Bidasoak Asobal Ligara igotzeko aukerak bazituela, eta orain dela hiru denboraldi zehazki, lortu genuen. Orain taldea egonkortuta dagoela esan dezakegu, eta aurten ere handitzen joatea espero dugu.
Ezegonkortasunez beteriko urteen ondoren, talde polita osatu duzue, ezta? Potentzial handikoa da egun.
Bai, hala da, baina oinak lurrean eduki behar ditugu beti. Ezin dugu esan bihar Europara joango garela, pausoz pauso joango gara. Asmoa da pixkanaka goraka egitea, zaleei poztasuna ematea, eurek eramaten baitute airean taldea. Gustatuko litzaiguke Europan lehiatzea, baina zaila dela badakigu. Tristea da oso bestelako kiroletan Europan lehiatzeagatik taldeek dirua jasotzea, eta eskubaloian aldiz, ordaindu behar izatea. Hori ez du inork ulertzen, barregarria da. Hala eta guztiz ere, oso polita da Irun eta Gipuzkoa izenak Europa osotik paseatzea, baina pausoz pauso joan beharko gara.
«Ohorea da bi hautagai aurkeztea, gauzak ondo doazelaren seinale»
Zer izan da zuretzat eskubaloi klubaren zuzendari izatea?
Lehenik eta behin, noski, ohore handia izan da Bidasoaren presidente izatea. Orain dela 16 urte kargurako proposatu nindutenean, nire lanbidearengatik ez nuen aukera ikusten benetan postu hori hartzeko. Baina, sanmartzialetan, lantalde ona lortzeko aukera izanez gero, animatuko nintzatekeela esan nuen. Azkenean lantalde hori osatzea lortu genuen, eta ilusio handiarekin ekin genion lanari. Urte hauen guztien ondoren, gauza bat ziur dakit: ez dut sekula presidente bat ere kritikatuko, badakidalako kluberako onena bilatzen dugun arren, oso zaila dela nahi duzun hori lortzea. Kategoria galdu genuenean, oso burugogorra naizelako [barrez], Bidasoa Asobal Ligan eta saneaturik utziko nuela esan nuen. Oso polita izan da, merezi izan du lan guztiak.
Artaleku Asobal Ligako zale gehien jasotzen dituen zelaia da partidako ia-ia.
Hala da. Iaz, zaleen kopuruaren arabera, laugarren kantxa izan ginen, eta aurten hobetzeko aukera dagoela ikusi dugu. Irun kirolaren arloan beti izan da hiri zaila, baina momentu txarrenetan zaleak hor egon dira, beti erantzun dute. Gogoan dut Europako Txapelketaren finala zirudiela Artalekuk Asobal Ligara igotzeko play-offean. Zaleen babesa beti ezinbestekoa izan da. Artalekura jokatzera etorri diren jokalari askok maiz esan didate plazerra dela gure zelaian jokatzea. Irungo zaleak eskubaloia gertutik ezagutzen du, badaki zertaz ari den. Kasu honetan, zortzigarren jokalaria da zalegoa, ezinbestekoa. Orain dela hiru urte 800 bazkide ginen, eta egun, 1.200dik gora gara.
Unerik politena?
Asobal Ligarako igoera. Gauza ikaragarria izan zen, ez zait sekula ahaztuko. Zaleen eta erakundeen erantzuna izugarria izan zen, berehala antolatu zuten ospakizuna. San Juan plazan izan zen harrera, plaza guztia kamiseta eta bandera hori eta urdinez beterik ikustea oso polita izan zen. Gero, beste une oso garrantzitsua taldearen 50. urteurrena izan zen. Mende erdiaren ondoren taldea bizirik mantentzea izan da lortutako garaipen nagusietako bat. Espainiako Estatuan, Bartzelonarekin batera, desagertu ez den Europako txapeldun bakarra gara, eta hori lortzea oso-oso zaila da. Egun hori ere beti gogoratuko dut.
«Irungo zaleak eskubaloia gertutik ezagutzen du, badaki zertaz ari den»
Eta zailena?
Nola ez, jaitsiera. Oraindik gogoratzen dut Torreviejaren aurkako neurketa, hemen Artalekun galdu genuen hori. Oraindik Iruñean partida bat jokatu behar genuen, baina oso zaila izango zela bagenekien denek. Hala, galdu eta matematikoki Asobaletik joan ginen. Partida hori niretzat hondoratzea izan zen. Nire bulegora joan eta negarrez hasi nintzen, une oso gogorra izan zen. Halere, senideen laguntzari esker, indarrak berreskuratu eta lanari ekin genion beste behin, lehen mailara igotzeko. Pixkanaka egoerari buelta ematen hasi ginen eta pausoz pauso, egungo egoerara iritsi gara.
Nola ikusten duzu taldea aurten?
Ilusio handiarekin gaude aurten. Denboraldiaurrea oso ona izan da, partida guztiak ikusi ditut, eta sentsazio oso onekin hasi dugu sasoi berria. Denboraldiaurrea zorrotza izan da, aurkariak maila altuagokoak izan baitira. Nik denboraldi lasaia espero dut, gorabehera handirik gabekoa. Defentsiboki asko irabazi dugu aurten, jokalari oso trebeak ditugu. Denboraldi oso itxaropentsua eta polita izango dela uste dut.
Datorren abenduan lekukoa pasako diozu presidente berriari. Zein iritzi duzu bi hautagaien gainean?
Bi hautagaiak erabat ezberdinak dira. Batek azken urteotan egindako lanari jarraipena eman nahi dio, eta orain arte erakutsi dugu gauzak ondo egiten ibili garela. Beste hautagaiak ideia berritzaileak ditu, egungo garaietara egokituagoak. Ideia oso ona izan daiteke, baina oso zaila da. Halere, ez naiz batekin edo bestearekin lerrokatuko. Presidente bezala ateratzen denari, soilik eskatuko nioke klubarentzako onena bilatzea, kluba beti pertsonen gainetik dagoelako. Gainera, ez dut nahi bazkideen eta jarraitzaileen artean hausturarik egotea. Denek elkarrekin joan behar dugu.
Zaleei, Bidasoako hintxadari, mezurik helarazi nahi?
Orain arte bezala jarrai dezatela. Bidasoko zaleek, Espainiako Estatutik harago, Europa mailan aitortza dute. Denek ezagutzen dute gure hintxada. Jarrera ez aldatzeko eskatuko nieke, orain arte bezala, taldea animatzen jarrai dezatela. Haiei esker Bidasoak partida asko irabazi ditu. Orain ni haiekin batera eseriko naiz harmailan, beste edozein zale bezala, eta orain arte ez bezala, garrasiak botatzeko aukera izango dut [barrez].
Noiz ikusiko dugu Bidasoa Europako kopa bat altxatzen?
Hori amets egitea da. Nik presidente bezala lortu ez dudan gauza bat izan da. Nire helburuetako bat Bidasoari izen bat ematea izan da, eta hori ez da nahi bezala lortu. Europako Txapelketarekin amesten hasteko, lehenik, erakunde edo enpresa bat izan beharko genuke atzetik, taldean diru kopuru garrantzitsu bat inbertitzeko prest, proiektu ilusionagarri eta polita egiteko. Proiektu hori lortuz gero, gogor lan egin beharko genuke helburu hori lortzeko. Gaur egungo eskubaloiaren egoera ikusirik, Bidasoa Europako Txapeldun izendatu zenean baino zailagoa da. Begira zenbat jokalarik utzi duten Asobal Liga Alemania, Frantzia edota Hungariara jokatzera joateko. Lehenik Europarako sailkapena lortu beharko genuke, eta gero, nahiago nuke berriz ere esperientzia ikaragarri hori bizitzea. Esperantza, ilusioa, eta konstantzia, horiek dira funtsezko hiru balioak lorpenak eskuratzeko.