Txingudi Korrikaren 20. ekitaldia, urriaren 6an

txingudi.korrika

BATeko eta erakundeetako ordezkariak osteguneko aurkezpenean.

Txingudi Korrika lasterketak 20. urtea beteko du urriaren 6an. Hendaia, Irun eta Hondarribia batuko dituen probak azken zazpi urteetako 10 kilometroko bidea izango du, Hendaiako Florida kaitik atera eta Hondarribiko Hondartzako estadioan bukatzen dena. Aurten, 600-650 parte hartzaile inguru espero ditu bertan Bidasoa Atletismo Taldeak, probaren antolatzaileak. 16:30ean hasiko da lasterketa.

Izena emateko aroa zabalik dago Kirolprobak plataformaren webgunearen bitartez. Internetez gain, Leire Sport dendan (Irungo Mendibilen), Papykop paperdendan (Hondarribia) eta Bidasoa Atletismo Taldearen egoitzan (Palmera Montero guneko 8. bulegoan, 09:00etatik 14:00etara) eman daiteke izena. Aldez aurretiko izen emateak 13 euroko prezioa du; egunean, urriaren 6an apuntatuz gero, 18koa.

Ostegunean aurkeztu zuten herri lasterketa Hondarribiko Hiruzta txakolindegian. Bertan izan ziren badiako hiru udalerrietako kirol zinegotzi Jean Michel Arruabarrena (Hendaia), Kalixa Silanes (Hondarribia) eta Pedro Alegre (Irun). Hendaiako zatia antolatuko duen Urpean elkarteko presidente Michel Mateos ere izan zen agerraldian, BATeko Joseba Sarriegi eta Ibon Muñozekin batera.

Zinegotziek euren hizketaldian nabarmendu zuten hiru udalerrien arteko elkarlana, eta eskerrak eman zizkieten BATeko kideei nahiz boluntarioei egiten duten lanagatik. Herritarrak parte hartzera deitu zituzten, korrika edo ikusle modura.

Sariak eta bestelakoak
Lehen hamar emakumeek eta gizonek jasoko dute saria. Horiez gain, Hondarribiko, Irungo eta Hendaiako lehenek (emakume bat eta gizon bat) izango dute garaikurra. Lehen hiru rollerrek eta handbike kirolariek ere izango dute saria.

Dortsalak eta korrikalariaren poltsa Bidasoa Atletiko Taldearen egoitzan (Dunboako Ramon Iribarren kalean, 4. zenbakia, baxu atzealdean) jaso dezakete urriaren 4a baino lehen (osteguna) izena eman dutenek. Hala ere, lasterketaren egunean, irteeran, 15:00etatik 16:15ra bitartean egongo da horiek hartzeko aukera.

Hondarribitik Hendaiako irteerara joateko autobus zerbitzua egongo da aurten ere: Butroi pasealekutik aterako dira, 14:45etik, 15 minuturo. 16:30ean hasiko da lasterketa.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend