Eskaintzaz beterik dator aurtengo Expogrow azoka. Gaur zabalduko ditu ateak Irungo Ficoban, eta igandera bitarte, kalamuaren munduko agertoki nagusi bilakatuko da.
Iazko Expogrow azokan, bisitariak. Argazkia: Aitor Izagirre.
Gaurtik igandera bitarte, kolore berdea izango da nagusi Irungo Ficoba erakustazokan, beste urtebetez, kalamuaren nazioarteko agertoki nagusi bilakatuko baita. Gaur zabalduko ditu ateak zazpigarren
Expogrow azokak, eta asteburu osoan zehar, mundu osotik iritsitako milaka kalamuzalek zapalduko dute hiria.
Antolatzaileek arabera, «Expogrow, kalamuaren gaineko azoka bat baino gehiago da». Eta azokatik biratxoa emanez gero, hala dela baiezta daiteke. Kalamuaren mundutik harago, denetarik ikus eta eros daiteke. Ficoban urte guztian zehar egiten duten azokarik arrakastatsuena dela esan daiteke, mundu osoko milaka bisitari gerturatzen baita hiru egunez kalamuaren nazioarteko gune garrantzitsuenera.
Aurten ere, bi gune nagusi izango ditu azoka erraldoiak. Orotara, lau pabiloi (5.000 metro koadro) eta kanpoko aldeko 7.000 metro koadro hartuko ditu; kanpoan bi karpa erraldoi jarri dituzte, musika saioetarako bereziki. Barruan, berriz, nazioarteko 181 enpresak 164 postu irekiko dituzte, askotarikoak gainera. Herbehereak, AEB, Frantzia, Errusia, Ingalaterra, Australia, Txina… Ia mundu osoko enpresen produktuak izango dira erosgai azokan. Dozenaka postu horietan, besteak beste, kalamu haziak, laborerako materiala, osagarriak, iluminazio tresnak edota ongarriak aurki daitezke.
Postuez gain, dozenaka aukera eskainiko ditu azokak. Hala, Business to Business saioak (gaur, 10:00etatik 14:00etara) errepikatuko dituzte aurten ere. Bertan, sektoreko ehunka profesional bilduko dira mahai-inguruan, kalamuaren mundua profesionalizatu eta enpresa partaideen errentagarritasuna hobetzeko asmoz. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko 1.200 aditu baino gehiago akreditatu dituzte.
Kalamua nola landatu ikasteaz gain, harremanak landatzeko tresna ere bada Expogrow. Cannabis Box Forum izango da erakarpen nagusietako bat. Iazko formatu arrakastatsuari jarraipena emanez, talk show saioa egingo dute, militantzia eta sektorearen garapen industriala mintzagai direlarik. Gaur eta bihar egingo dute foruma eta Jordi Cebrian kazetariak eta Ivan Medina erreportariak gidatuko dituzte saio guztiak.
Kopan, emakumeak nagusi
Bihar iritsiko da 2017ko indika eta satibarik onena aukeratzeko unea, Expogrow Kopa arrakastatsuan. Dagoeneko partaideen urteko uzta dastatu dute epaileek, eta bihar jakinaraziko dute nork eramango duen etxera Beltzi ardi beltzaren trofeo preziatua.
Aurten, gainera, emakumeei aitortza egin nahi izan diete azokaren antolatzaileek, eta hala, soilik emakumez osatutako epaimahai batek aukeratuko du kalamurik onenak. Bertako kideen artean nabarmentzekoak dira Michka idazle eta aktibista frantziarra, Mila Hansen ingelesa (The Hash Queen ezizenez ezaguna) eta Noucetta Kehdi frantziarra, kalamuaren munduan aski ezagunak.
Dagoeneko dena prest dute antolatzaileek. 15:00etan zabalduko ditu ateak azokak. Sarrerak Ficobako erakusleihoan edota Expogrow azokaren webgune ofizialean eskura daitezke. Proba ezazu Expogrow.
Ohiko botikaren alternatiba
Kalamuaren kontsumoa erretzearekin lotu ohi izan den arren, milaka aurpegi dituzte kanabinoideek; gaixotasun ugariren sintomak lasaitzeko baliagarri dira, eta elkarte espezializatuetan eskura daitezke, legalki.
Kalamuaren Euskal Federazioaren egoitza.
Azken urteotan, Gipuzkoa mailan bereziki, kalamuaren inguruko elkarte ugari ireki dituzte. Irunen horietako asko aurki daitezke, eta pixkanaka, ohiko bilakatu dira inguruko herri eta hiri dezentetan. Irungo elkarte ezagun baten kide eta era berean terapeutarekin bildu da Hitza, eta elkarteen egungo egoeraz, kalamuaren bestelako erabilerez eta gaur ateak zabalduko dituen azokaren inguruan mintzatu da. Pribatutasun kontuengatik, anonimotasuna mantentzea eskatu du.
Elkarteko kideak kontatu duenez, bazkide bakoitzak urte osoan zehar kontsumituko duena kalkulatzen du, eta elkarteak landatu, uzta jaso eta lehortzeko prozesu guztia beregain hartzen du. Hala, elkarteak eskainitako produktu horrek, kalitatezko kontrol guztiak gainditzen dituela ziurtatzen du terapeutak, eta bertan kontsumitzeko aukera eskaintzeaz gain, bazkide askori ere produktua eskuratzeko aukera errazten diete. «Kalamuaren elkarteen boom-a gizarte zibilaren eskaeraren araberakoa izan da, batez ere merkatu beltzetik ihes egiteko, eta kalitatezko produktuak kontsumitu ahal izateko», dio kideak. Bazkide egin ahal izateko, baldintza bakar bat bete behar da: gutxienez 21 urte izatea.
Askotan kalamuaren kontsumoa soilik erretzearekin lotzen den arren, elkarte horietan, erretzeko produktuetatik harago joaten dira. «Kide askok tratamendu terapeutikoak egiten dituzte hemen, medikuek bidalita. Euren patologia ondo ezagutu, eta tratamendu pertsonalizatua eskaintzen diegu».
Terapeutak kontatu duenez, milaka aurpegi ditu kalamuak, eta dozenaka gaixotasunetan lagungarri dela dio. Fibromialgia, gihar arazoak, artritisa, diabetesa, hipertentsioa, epilepsia, esklerosi anizkoitza, antsietatea, parkinsona… Gaixotasun horiek guztiek (eta askoz ere gehiagok) eragindako min edota sintomak lasaitzen dituela nabarmendu du. «Kalamuaren Nazioarteko Erakundeak THC, CBD, CBG edota CBN bezalako kanabinoideak sendagai bezala onartzen ditu». Halere, medikuen artean kalamua gomendatzeko ohitura gutxi dagoela dio, baina azken urteotan, ordea, tendentzia aldatzen ari dela.
Kalamua kontsumitzeko ezagutzen diren modu guztietatik, olio formatuan hartzea gomendatzen du terapeutak. Halere, kalamua kontsumitzeko hamarka modu daudela nabarmendu du: errekuntza bidez, kremetan, janarian, baporizadorez, infusioetan… Gainera, CBD bezalako kanabinoideek medikuntzaren munduan gero eta jarraitzaile gehiago dituztela kontatu du.
Erregulazioa
Erregulazioa ala legalizazioa? Hori da kalamu edota bere deribatuen kontsumitzaileek askotan egiten duten galdera. Elkarteko kideak argi du, erregulazioa beharrezkoa da. «Legalizazioarekin edonoren eskura uzten duzu produktua eta erregulazioarekin, aldiz, gizarteko sektore konkretu bati bideratzen diozu». Hala, azken urteotan erregulaziorako bidean aurrerapauso nabarmenak eman dituztela onartu arren, benetako erregulazio baten beharra dagoela dio. «Bestelako herrialdeekin alderatuta, atzean goaz».
Askori kalamua erregulatzeko ideia ez gustatu arren, egun legalak diren bestelako droga batzuen gainean mintzatu da terapeuta, «kalamuarekin alderatuta, are mingarriagoak» direnak. Alkoholarekin, tabakoarekin edota ludopatiarekin alderatu du, eta oraindik droga gisa kontsideratzea logikarik gabekoa iruditzen zaio, erokeria. «Droga asko daude, mingarriak direnak oso, kontrolik eta erregulaziorik gabe, 14 urteko gazteen eskuetara daudenak», salatu du, amorruz.
Gaur ateak zabalduko dituen Expogrow azokara hiriko eta inguruko elkarte ugari gonbidatu dituzte, eta terapeutaren taldea ere bertan izango da. «Sektoreko profesional bezala kalamuaren inguruko azken berritasunak ikustera joango gara. Azokak elkartearen helburuak betetzeko beharrezko tresneria eta baliabideak gerturatzen dizkigu».
Eta gauean, sekulako festa
Kontzertu programa da azokaren erakarpen nagusietakoa; aurreko urteetan bezala, mundu osoko lehen mailako taldeak gonbidatu dituzte.
Iazko edizioko kontzertu bat. Argazkia: Aitor Izagirre.
Expogrow azokak eskaintzen dituen aukeren artean, musika programa da bisitari askorentzat amu nagusietakoa. Azoka itxi eta gaua heltzean, kanpoko karpa erraldoiak ongi etorri egingo die gaur eta bihar bisitari guztiei, mundu osotik iritsitako taldeen hamaika saiorekin, festa handiari jarraipena emateko asmoz.
Azken urteetako joera jarraituz, lehen mailako taldeak ekarriko dituzte aurten ere. Portugaleko Kampania Algazarra taldea izango da lehena oholtza gainera igotzen eta El Canijo de Jerez talde ezaguna, gaurko plater nagusia; 23:30ean igoko da oholtza gainera. Ondoren, Deluxe talde frantziarraren txanda izango da, goizeko ordu txikietan. Gaua behar bezala amaitzeko, DJ Don Corneliusek saio berezia eskainiko du.
Larunbata izango da, taldeen jatorriari erreparatuz gero, egunik anitz eta handiena. Frantziatik iritsitako Demi Portion raperoak saltoka jarriko ditu bertaratutakoak, eta Bombino talde herbeherearrak Saharako doinuak ekarriko ditu. Ondoren, Italiako España Circo Estek tangoz, punkez edota reggaez beteko dute karpa eta DJ Victor Santanaren jazz erritmoek itxiko dute kontzertuen saila. Igande goizaldeko 03:00ak aldera emango dituzte bukatutzat musika saioak.