Ikasturte politiko berriaren hasiera probestuz, Irungo EAJko bozeramaile Xabier Iridoyk zenbait kontu argitu nahi izan ditu.
Xabier Iridoy.
Ikasturte politiko berriaren hasiera probestuz, Irungo EAJko bozeramaile Xabier Iridoyk zenbait kontu argitu nahi izan ditu. Jose Antonio Santanok eta bere gobernuak kreditu aldaketari irteerarik eman gabe jarraitzen dutela salatu du eta ezberdinekin negoziatzeko ezintasuna nabarmendu du.
“Ez dago ikusi besterik kreditu aldaketak ekainetik hona bizi duen blokeo egoera. Ekainaren hasiera zen, egungo Ogasun ordezkari den Paez jaunak bilera batean planteatu zigunean udal gobernuaren kreditu aldaketarako proposamena”. Proposamen hori Ogasuneko Batzorde Informatibo batean aurkeztu beharrekoa dela leporatu diote ogasun sailari, batzorde horrek aztertu dezan eta udal batzarrean talde guztiek onartu ahal izateko. Pauso hori eman ez izana salatu dute jeltzaleek, eta ondorengoa nabarmendu Iridoyk: “Irundarren bizi kalitatean lehenetsi ordez Santano jaunak bere interes partidistak aurretik jartzen ditu eta oraindik ez ditu kreditu aldaketak tramitatu”.
Joan den uztailaren 23an Iridoyk ogasun ordezkariari aurreikusitako aldaketa horren egoeraren berri galdetu ziola gogoratu du bozeramaileak, eta zera erantzun ziola: inongo taldek ez ziola proposamenik egin eta gehiengoaren babesik ez zegoenez, ez zituela negoziaketak formalki hasiko. Egoera horretan, 3 milioi horiek geldirik geratu direla salatu dute. “Irailaren erdialdera egoera berean jarraitzen dugu. Irungo EAJtik ez daukagu inongo arazorik interesa duten gaiak gobernu sozialistarekin hitzartzeko, baina onartezina iruditzen zaigu Santano jaunak ezberdinekin negoziatzeko eta gutxiengoan gobernatzeko erakutsi duen ezintasuna dela eta 3 milioi euro horiek irundarrentzat ekar lezaketen onurak ez jasotzea”, adierazi du bozeramaileak. Kreditu aldaketa modu formal eta zehatzean aurkeztea beharrezkoa dela nabarmendu du jeltzaleak.