Guadalupeko Igoeraren 42. ekitaldia egingo dute larunbatean, Bidasoa Atletismo Taldeak antolatua. Haurrentzat eta helduentzat lasterketak daude.
Motza, baina gogorra da Guadalupeko Igoera.
Klasikoa da Hondarribiko jaien atarian. Aurten ere Bidasoa Atletismo Taldeak (BAT) Guadalupeko Igoera antolatu du, larunbaterako. 42. ekitaldia da aurtengoa. Haurrentzat eta helduentzat probak daude.
Haurren kasuan, larunbateko (irailak 1) 16:00etan hasiko dira lasterketak. Asko dira, adinaren arabera antolatuko dituelako lasterketak BATek. 1-13 adin tartekoentzako lehiak dira, eta Alameda inguruan egingo dituzte (kategoriaren araberako luzera dute lasterketek). Horietan aurrez izena emateko aukera dago,
Kirolprobak-en webgunean.
Helduen lasterketa (14 urtetik gorakoena) 18:00etan hasiko da Jostaldi pilotaleku ondotik. Partaideek 4.720 metroko bidea egin behar dute Guadalupeko zelairaino iristeko. Aurrez izena ematen dutenek 10 euro (txip horiarekin) eta 12 euro artean (txip zuriarekin) ordaindu behar dute;
Kirolprobak-en webgunearen bidez egin behar da aurretiko izen ematea. Egunean, proba hasi aurretik izena ematen dutenen dortsalaren prezioa 16 eurokoa da.
Dortsalak eta sariak
Dortsalak jasotzeko hainbat bide jarri ditu BATek. Etzi (ostirala) jasotzen has daitezke korrikalariak, atletismo taldeak Irungo Ramon Iribarren kaleko 4. zenbakian duen egoitzan (17:00etatik 20:00etara). Lasterketaren egunean Jostaldi ondoan jarriko duten postuan ere jaso daitezke dortsalak, 16:30etik 17:40era.
Lehen bost emakumeek eta bost gizonek jasoko dute saria. Kuadrillentzat ere badaude sariak: bosteko taldeak osa daitezke kuadrillen atalean lehiatzeko; lehenik banaka apuntatu behar da, eta larunbatean esan behar zaie antolatzaileei talde bakoitzeko partaideak zeintzuk diren. Gainera, partaide guztien artean zozketak egingo dituzte.
HITZA aurten ere igoeran izango da. Jarraian, 2016ko eta 2017ko helmugako irudi galeriak: