Nazioarteko harremanak, partaidetza eta bertako eta kanpoko herrialdeetatik etorritako lagunen arteko integrazioari bultzada eman nahi diote egitasmoarekin.
Atzo aurkeztu zuten Munduko Arrozak egitasmoa, Zabaltza plazan.
SOS Arrazakeria elkarteak Munduko Arrozak egitasmoa ekarriko du Irunera, Zabaltza plazara zehazki. Lehenengoz egingo dute Irunen. Nazioarteko harremanak, partaidetza eta bertako eta kanpoko herrialdeetatik etorritako lagunen arteko integrazioari bultzada eman nahi diote egitasmoarekin. Elkartetik diotenez, Irunen 98 herrialde ezberdinetako 5.972 herritar bizi dira.
Datorren larunbatean (hilak 21), 10:00etatik aurrera, Zabaltza plazan hasiko dira arroz platerak kozinatzen. Orotara, 19 arroz ezberdin dastatzeko aukera izango da, besteak beste, Brasil, Kamerun, Gambia, India, Euskal Herria, Marruekos, Nikaragua, Pakistan, Peru, Sahara, Guinea Conakry, Senegal eta Siriakoak. 13:00etatik aurrera dastatuko dituzte platerak Irungo bizilagun eta bertaratutako guztiek. Dastaketarekin, kultura eta ohitura ezberdinak elkarbanatu eta ezagutzeko aukera eskaini nahi dute SOS Arrazakeriatik.
Kozinatu bitartean, Gambiako DJ Mat Sea-k, Mattin txalapartariak eta Max senegaldarrak musikaz girotuko dute Zabaltza plaza.