Gaurtik larunbatera bitarte, Luis Mariano Nazioarteko XIV. Kantu Txapelketa egingo dute. Orotara, 46 bakarlarik eman dute izena.
Gaur aurkeztu dute txapelketa, Amaia KZn.
Luis Mariano Nazioarteko XIV. Kantu Txapelketa hemen da. 30 bakarlari baino gehiagok hartuko dute parte aurtengo edizioan. Gaur aurkeztu dute txapelketa, Amaia Kultur Zentroan. Bertan, udaleko Kultura saileko ordezkari Juncal Eizagirre, Napoliko San Carlo Teatroko zuzendari Vicenzo de Vico, epaimahai eta mezzosoprano Carmen Urbizu eta Irungo tenor Imanol Laura izan dira.
Gaurtik (hilak 11) larunbatera (hilak 14) bitarte egingo dute kantu txapelketa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “errekorra” hautsi dute aurten, inoiz baino partaide gehiagok eman baitute izena. Orotara, hamar herrialdetako 46 bakarlarik borrokatuko dute saria eramateko.
Gaur bertan egingo dute lehen kanporaketa, eta bihar, finalaurrekoa jokatuko dute. Larunbatean izango da final handia. Saio guztiak Amaia KZn izango dira, 19:00etan. Sariak, ondorengoak dira:
- 1. saria: 6.000 euro.
- 2. saria: 4.500 euro.
- 3. saria: 3.000 euro.
- Promes onenak, 2.000 euro jasoko ditu.
- Publikoaren saria: 2.000 euro.
- Luis Mariano saria: Luis Mariano Lirika Elkartearen produkzioetan parte hartzeko aukera izango du irabazleak.
Era berean, datorren larunbatean 48 urte beteko dira Luis Mariano abeslaria hil zenetik. 18:00etan omenaldi ekitaldia egingo diote Luis Mariano plazan, eta bertan abeslariaren lanak entzungai izango dira.