Laguntza eskatzeko derrigorrezkoa de Irunen erroldatuta egotea, eta erosketak hiriko dendetan egitea. Eskaerak irailaren 28ra arte egin daitezke.
Eskola jantziak, idazketa materiala, liburuak eta eta bestelakoak finantza daitezke ‘Erosi eta ikasi’ programaren bitartez.
Aurten bosgarrenez,
Erosi eta ikasi kanpaina ondu du udalak. Horren bitartez, Irunen erroldatuta dauden haurren gurasoek eskolako materiala erosteko diru laguntza jaso dezakete. Eskaerak egiteko epea hilaren 2tik dago zabalik, eta irailaren 28ra arteko iraupena du; erosketek, bestalde, ekainaren 22tik irailaren 28ra arteko data izan behar dute (fakturetan agertu behar da). Udalak 200.000 euroko diru partida du gordea zeregin horretarako
Arrakasta izan ohi du udalaren deialdiak. Aurreko urteetan, batez beste, 1.500 eskaera jaso ditu udalak, 2.000 haurrek material berria eros zezaten. Derrigorrezko baldintzak bi dira: eskaera egingo duten familiak Irunen erroldatuta egotea, eta bestalde, erosketak hiriko komertzioetan egitea (erosketa tiketak edo fakturak gorde behar dira laguntza jasotzeko). LHko eta DBHko ikasleentzat da deialdia.
Laguntza jasotzeko aukera duten gastu edo erosketak, honako artikuluenak dira: koadernoak, orriak, artxibagailuak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, motxilak, testu liburuak, eskola uniformeak, hezkuntza fisikorako oinetako edo arropa, hezkuntza artistikorako materialak (pintzelak, margoak, olioak, argizariak…).
Laguntzak, hiru ataletan daude banatuta: 100, 75 edo 50 eurokoak izan daitezke. Horiek, familien errentaren (baliteke eskaera egin, eta errenta altua delako laguntza eskaera ez onartzea) arabera emango dira.
Eskaerak
Gaur agerraldia egin dute Monica Martinez udaleko Hezkuntza ordezkariak eta saileko teknikari Iñaki Arrese-Igorrek gaiaren gaineko xehetasunak emateko. Eskaerak nola egin zehaztu dute: Irun Txartelarekin egin daitezke,
udalaren webgunearen bidez; 010 telefono zenbakira deituta ere (Irundik) egin daiteke eskaera. Bi bide horiek erabiliz informazio gehiago lor dezakete interesdunek.
Aurten, kontuan hartzeko berritasuna: datuen babeserako legeagatik, eskatzaileek baimena eman behar diote udalari haien datuak kontsultatu ahal izateko.