Amuitz Klubak Arroja Challenge 2018 antolatu du uztailaren 7rako. 40 kirolari espero dituzte, horien artean munduko txapelketan postu onak lortutakoak.
Surfskiak Bidasoaren itsasoratzean, Amuitzek martxoa hasieran antolatutako topaketa batean
Euskadiko Surfski Kopako proba bat egingo dute lehen aldiz Hondarribian. Amuitz Outrigger Kanoa Klubak Arroja Challenge 2018 antolatu du uztailaren 7rako, arratsaldez. Bi ibilbide prestatu dituzte, biek irteera eta ailegaera hondartzan izango dutelarik. Sprinter modalitateko palistek 15 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta 10ekoa modalitate tradizionalean eta kadete mailan lehiatzen direnek.
Amuitz Klubeko presidente Manex Martinezen hitzetan, proba ikusgarria izango da: “Duen kokapenagatik, egun horretan hondartzan edo espigoian paseatzen ariko direnek oso gertutik jarraitu ahal izango dute piraguisten jarduna”.
Orotara, 40 kirolari inguru espero dituzte, horien artean munduko txapelketan postu onak lortutako Nacho Soler kanariarra eta Victor Doux lyondarra. Ion Sagrado Amuitzeko hondarribiarrak ohorezko postuetan bukatzeko borrokatuko du.
Iaz sortu zen Amuitz Outrigger Kanoa Kluba “itsasoko kayaka (surfski) eta kanoa hawaiiarra ezagutarazi, eta Bidasoa eskualdeko kirol eta aisialdi eskaintza aberasteko helburuarekin”.