Jaurlaritzak, aldundiak eta udalak 2,4 milioi euro inbertitu dituzte, erakunde bakoitzak herena. Espainiako gobernuak beste miloi bat jarri zuen 2014an.
Erakundeen arteko lankidetzari esker burutu da Higerreko errepidea eta itsaslabarra sendotzeko obra
Ireki dute Higer farolara doan errepidea, zortzi hilabeteko lanak eta gero. Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura diputatuak eta Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak azpiegitura bisitatu zuten atzo, eta obrak bukatutzat eman zituzten.
Proiektuaren idazketa eta obra bera Foru Aldundiko bide Azpiegitura foru departamentuak egin du, eta hiru erakundeetako bakoitzak aurrekontuaren herena jarri du, 2,4 milioi euro guztira. Aurretik, Espainiako Ingurumen Ministerio barruko Kosta Zerbitzuak 995.000 euroko egonkortze lanak egin zituen 2014an, orduko denboraleen ondoren lau erakundeek hitzarmenari erantzunez.
Errepideari dagokionez, horma berriak eraiki dira, lehengoak sendotu, eta oinarriak egonkortu. Itsaslabarrean, aldiz, lurreztatu gabeko geruzak buloien bitartez egonkortu dituzte, itsaslabarra bera geo-sare gaineko sare-metaliko bidez indartu da, eta sare-metalikoa eusteko ainguratutako elementuak jarri dira. Oiarbidek onartu du “obra zaila” izan dela “itsaslabarraren gainean lan egin behar izan delako”, baina proiektua aurreikusitakoaren arabera egin dela erantsi du, “eta aurreikusitako aurrekontuari eutsita”.
Lanek iraun bitartean errepidea itxita egon da eta itsasargirako trafikoa Ramon Iribarren eta portutik gora doan errepidetik bideratu da, azken tarte honetan, udal errepide horren estutasuna dela eta, txandakako pasoa jarrita. Hainbeste ibilgailu jasotzearen ondorioz, azken hilabeteetan asko okertu da farolarako malda, eta zulo ugari sortu dira asfaltoan.
Ezinbesteko soluzioa
Higer farolako errepideko eta itsaslabarreko obrarekin, “aspaldiko” arazoari behar zuen soluzioa eman zaiola uste dute Oiarbidek, bai errepideari, baita Ramon Iribarren pasealekuko Iterlimen eta Lurgorri etxebizitzetako bizilagunei. Negu luzeak
lanak espero baino gehiago luzatu dituela baieztatu du diputatuak: “Eguraldi txarrak eta honen ondorioz izandako zenbait lur-jausik epearen luzapena ekarri dute”.
Obra lankidetzan egin izana nabarmendu dute hiru erakundeek. Are gehiago, Aiz sailburuordearen arabera, hala jardun beharra dago kostaldeko azpiegitura gehienetan: “Euskal portuen eskala txikiak, eta bere titularitateko eremuak hirigune urbanoetan integratuta izateak, ezinbesteko egiten dute maila ezberdinetako erakundeen arteko kolaborazioa, erabiltzaileei eta kasu honetan hondarribiarrei kalitatezko azpiegitura lehiakorragoak eskaini ahal izateko”.
Sagarzazu alkateak koordinazio maila altua nabarmendu du, eta obra bukatu izana, eta obra bera, albiste oso ontzat jo ditu, “herritarrentzat premiazkoa zelako, bereziki Iterlimen eta Lurgorriko bizilagunentzat, beraientzat eragin zuzena baitu”. Zortzi hilabetez luzatu da obra, eta denbora tarte horretan, lanen ikusgarritasunaren lekuko izan dira herritarrak: “Hondarribiarrok ikusi dugu, gainera, egonkortze lan bikaina egin dela, eta zehaztasun handiarekin, batez ere izan dugun negu gogorra kontuan izanda”.