Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara eraman nahi dituzte hiru taldeek, "Santano eta haren gobernua kudeatzeko gauza ez direla ikusirik".
Si se Puede Irun, EAJ eta EH Bildu taldeek, Plaiaundiko kirol instalazioei konponbide zehatz bat ematea adostu berri dute, “Santano eta haren gobernua kudeatzeko gauza ez direla ikusirik”. Alderdien arteko desadostasunak alde batera uztea adostu dute oposizioko taldeek.
Hala, Txenperenea-Mendebaldeko kokapena aurkeztu dute, Plaiaundiko kirol instalazioak bertara eramateko. Hiru taldeetatik adierazi dutenez, beharrezko azterlan eta analisi guztiak eginak dituzte, eta aukera hori merkeagoa dela nabarmendu, eta egiteko epeak ere arrazoizkoak dira argudiatu dute.
“25 urte igaro dira dagoeneko Irungo Udalak pistak lekuz aldatzeko konpromisoa hartu zuenetik, hain zuzen ere Plaiaundiko parte ekologikoa babesteko eta zaintzeko”, adierazi du EH Bilduren bozeramaile Jokin Melidak. Era berean, Xabier Iridoy jeltzaleak kirol instalazioen arazoa konpontzea “beharrezkoa” dela nabarmendu du. SPIko David Sotok honakoa adierazi du: “Guztiz blokeatuta eta geldituta dago konpromiso hori, eta horrek argi uzten du Santano jaunaren PSE-EE taldeak ez daukala behar den gaitasuna hiriak dituen arazo garrantzitsuenak konpontzeko”.
Egoera horren aurrean, hiru alderdiak mahai berean eseri eta adostasun batetara iritsi berri dira. Udal gobernuari, eta Santanori, aurkeztu berri duten aukera eztabaidatu eta kontuan hartzeko eskatu diote hiru taldeek, “25 urteko ezgaitasunaren eta ekintza ezaren ondoren, azkenean, arazo historiko honi konponbidea eman diezaiogun”.
Hiru taldeek proposatu duten proiektuaren irudia.