Etxetik alde egitea lortu ostean, poliziarekin kontaktuan jarri eta bi hilabetez tratu txarrak jasan dituela salatu du Irungo emakume batek.
Indarkeria matxista kasu berri bat eman da Irunen.
Eusko Jaurlaritzako segurtasun sailak jakinarazi berri duenez, indarkeria matxista kasu berri bat eman da Irunen. Gaur gauean, poliziarekin kontaktuan jarri ostean, emakume batek bikotekideak bi hilabetez bahitua izan duela salatu du. Etxetik ateratzeko aukera ukatua zuela dio salaketak eta soilik bikotekidearekin ateratzeko baimena zuela.
Bi hilabete horietan tratu txarrak jasan dituela kontatu du emakumeak eta atzo, enegarrenez, berriro jasan zituela. Emakumeak etxetik alde egitea lortu zuen.
Emakumea Irungo anbulatorioan artatua izan zen atzo. Atxilotutako gizona 41 urteko bizilaguna da, eta atzo utzi zuten epailearen esku.
Elkarretaratzea
Irungo Udalak gertaerak gaitzetsi berri ditu. Udalak eta Berdintasun Batzordean parte hartzen duten entitate guztiek, aho batez, emakumeen kontrako eraso guztiak arbuiatu dituzte. Horrez gain, elkartasuna adierazi nahi izan diote biktimari.
Arbuio eta gaitzespen elkarretaratzea deitu dute gaurko. 19:30ean egingo dute, Zabaltza plazan.