Hondarribia Arraun Elkarteak bi helburu nagusi ditu aurten. Gizonetan, harrobian oinarritutako loraldia urtebetez luzatzea; emakumeetan, onenekin lehiatzea.
Hondarribia Arraun Elkarteko gizonen A ontzia, asteazkenean, badiara irteten
Arazo bat dute Hondarribiko Hermandadean, Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiak duen egoitzan. Arrantzaleen agiriez eta bestelakoez gain, Hondarribia Arraun Elkarteak (HAE) irabazitako banderak gordetzen dituzte bertan, eta, azken lauzpabost urteotako boladari eutsiz gero, hainbeste trapu gordetzeko lekurik gabe geratuko dira laster. Arazoak arazo, aurten ere entzungo da Kantauriko espigoietan, “
berriz ere saiatuko gara banderaren bila!“. Eta hiru trainerurekin saiatuko dira, gizonen A eta B ontziekin, eta emakumeenarekin.
Saiatu, eta lortu. Azken lau urteetan bi
TKE liga irabazi ditu Hondarribiak (2014an eta 2015ean), beste bietan bigarren geratu da, eta urrezko laurtekoaren aurreko denboraldia Kontxako garaipenarekin itxi zuen. Horrez gain, hainbat txapelketa, eta dozenaka bandera. Joxemi Elduaien HAEko presidenteak argi du emaitza horiek elkartearen filosofia hauspotu egin dutela: “Emaitzak ere izan ditugu, eta horrek erakusten du horrela lan eginda goi mailara iristeko aukera dagoela”.
Horrela lan egitea zer den? Elduaienek berak erantzun dio galdera horri: “Neska eta mutil horiek harrobian daudenean asko zaintzen ditugu, eta gero saiatzen gara lehenengo taldean ere aukera ematen. Beste elkarte batzuk badira harrobia oso ondo lantzen dutenak, adibidez San Juan… Baina horrek desberdintzen gaitu goi mailan dauden beste taldeekiko, saiatzen garela gehienezko bat bertakoa izatea, eta lehen traineru hori arraun elkarte guztiaren isla izatea”.
Azken urteetan olatuaren goialdean ibili da HAE, kirol arloari begiratuta behintzat. Baina ekonomikoki urte zailak izan direla aitortu du presidenteak, batez ere azken bi urteetan, babesle nagusirik gabe ibili behar izan dutelako. Duela hilabete inguru jakinarazi zuen klubak bi babesle nagusi lortu dituztela. Go Fit gimnasio kateak
Ama Guadalupekoa babestuko du, eta Bertako Igogailuak enpresak, emakumeen ontzia. “Bi babesle hauek lasaitasuna ematen digute, udaberritik badakigulako urteko aurrekontua beteko dugula. Azken bi urteetan handik eta hemendik aurrekontua orekatu ahal izan dugu, baina beti azken unera arte kezka handiarekin”.
Apustua, emakumeena
Gizonen traineruaren une gozoa ahalik eta gehien iraunaraztea nahiko luke Hondarribia Arraunek, baina hori bezain garrantzitsua ala gehiago da emakumeen proiektua sendotzea. Iaz uretaratu gabe geratu zen nesken trainerua, arraunlari faltagatik. Elduaienek onartu duenez, azken urteetan ez dute formularekin asmatu: “Beti izan da inportantea, baina gauza bategatik edo besteagatik ez genuen asmatzen. Saio desberdinak egin ditugu, baina ez genuen lortzen azpiegitura hori indartzen eta segida bat ematen”.
Hiru aste barru Euskotren Ligara sailkatzeko play-offean lehiatuko da Hondarribiak
Aurten badirudi baietz. Urrian
Iker Cortesek hartu zuen emakumeen traineruaren ardura. Sei urtez Hibaikako neskekin lan egindakoa da sestaoarra, eta traineru lehiakorra lortzea eskatu dio elkarteak. Neguan eta udaberrian egindako ibilbidearekin pozik dago presidentea: “Hasieratik ikusi zen traineru horrek beste itxura bat zuela, Iker oso ondo ari da bere lana betetzen. Badirudi zortea izan dugula, asmatu dugula, baina ez beste urte batzuetan baino gogo gehiago jarri dugulako”.
Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean
Euskotren Ligarako sailkapena lortzen saiatuko dira hondarribiarrak. Horretarako ari dira uretan eta gimnasioan lanean, baina Elduaienek epe ertainari eta luzeari ematen dio garrantzi gehiago: “Ea horri segida emateko gai garen eta proiektua sendotzen den”.
B ontzia, formaziorako
Gizonetan, aurreko urteetan bezala, eta ezusterik ezean, edozein estropada irabazteko faboritoetako bat izango da Hondarribia Arraunen eskifaia. Azken bi urteetan babesle nagusirik gabe aritu denez, argi dago ez dela diru kolpez eraikitako taldea izan. Harrobian aurkitu behar da azken sasoietan berdeek emandako mailaren arrazoia. Datu adierazgarri bat: aurtengo A taldeko 20 arraunlarietatik hamalau harrobikoak dira, eta beste lau propioak (hiru denboraldi oso egin dituztenak taldean); bi baino ez dira ez-propioak, duela hiru urtetik berdez janzten den Urko Redondo oriotarra eta Hondarribiko klubean bigarren denboraldia beteko duen Endika Lopez tolosarra.
Harrobitik hornitzen da Ama Guadalupekoa, eta ia beti B ontzian formatzen dira arraunlariak lehen taldera iritsi aurretik. Ama Guadalupekoa traineruan aldaketa gutxi izan badira —hiru hutsune, eta taldera itzuli diren bi arraunlari—, bigarrenean dezente gehiago, prestatzailetik hasita. Asier Puertasek Aner Etxart lezoarraren lekua bete du.
Oriotarrak hamabost denboraldi eman ditu lehen taldean bogatzen, eta traineruz aldatzea erabaki du, Atik jaitsi Bra igotzeko. Aldaketa nabarmena dela onartu du: “Lehen traineruan ibiltzeak beste presio bat eskatzen du, lehia aldetik eskakizun handia dagoelako. B ontzian eskakizuna ez da hainbestekoa, gehiago da formazio lana”. Eta lan horretan gustura dabil: “Egia da ardura bat dela, gazteekiko ardura. Baina gauzak ondo egiteko gogoa daukat, eta oso gustura nabil”.
Ez da erronka samurra Puertasi egokitu zaiona. Iaz mailaz jaitsi zen Hondarribia B, KAE1etik KAE2ra, eta arraunlari asko trainerutik jaitsi dira: “Aurtengo helburua gehienbat hasi diren arraunlari berriak eta gazteak ongi formatzea izango da. Berrietatik lauzpabost inoiz arraunean ibili ez direnak dira, eta horiekin pazientzia handia eduki behar da”. Nolanahi ere, formazio horren barruan, lehiatzen ere ikasi behar dute gazteek, eta irakasle ona izango dute eskifaia barruan: “Estropada oro dena ematera aterako gara, aldamenean daukagunarekin borrokatzera”.