Dagoeneko 300 irundar inguruk hartu dute giza katean parte hartzeko konpromisoa. Orotara, 1.000 lagun behar dituzte Irunen.
Giza katerako, 1.000 irundar behar dituzte. Argazkia: Gure Esku Dago.
Datorren ekainaren 10ean (igandea), Gure Esku Dago mugimenduak orain arteko mobilizaziorik handiena egingo du. Donostia, Bilbo eta Gasteiz eskuz esku lotu nahi dituzte. 201,9 kilometro osatu beharko dituzte herritarrek, eta horietatik, bi kilometro egokitu zaizkio Irungo herri plataformari, Deba inguruan zehazki (Hondarribiko herritarrekin batera).
Momentuz, 300 lagun inguruk hartu dute giza katean parte hartzeko konpromisoa. Orotara,
1.000 lagun behar dituzte, eta horretarako, ohiko tokiez gain, izen emate masiboa egingo dute datorren asteburuan.
Gainera, EAJ, EH Bildu eta Si Se Puede Iruneko zinegotziek bat egin dute mobilizazioarekin.
Ondorengoa da izena emateko ordutegi eta lekuen informazioa:
- Astelehenetik ostiralera, Hartu Hitzaren egoitzan (Arbelaitz kalea, 3), 11:30etik 13:30tara eta 18:30etik 20:30tara.
- Gaur (hilak 31), Kale Nagusian eta Santiago Kalean, 19:00etatik 21:30tara.
- Ostiralean (ekainak 1), Urdanibia plazan, 19:00etatik 21:30tara.
- Larunbatean (ekainak 2), Urdanibia eta San Juan plazan, 11:00etatik 13:00etara.
- Igandean (ekainak 3), Hartu Hitzaren egoitzan, 12:00etatik 14:00etara.