Ekainaren 10eko Gure Esku Dagoren giza katearekin bat egin dute EAJ, Si Se Puede Irun eta EH Bilduko zinegotziek. Herritarrak joatera animatu dituzte.
SPI, EAJ eta EH Bilduko zinegotziak, giza katearen kartelekin.
Irungo Udaleko EAJko, Si Se Puede Iruneko (SPI) eta EH Bilduko zinegotziek bat egin dute Gure Esku Dago-k ekainaren 10erako deitu duen giza katearekin. Irungo Gure Esku Dago-ren asmoa da
1.000 irundar eramatea giza katera, eta horien bilketa lanean ere parte hartzen ari dira alderdi horietako kideak. Deba inguruan egokitu zaie kilometroa irundarrei.
Ekainaren 10eko giza katerako 300 irundarrek emana dute izena gaur-gaurkoz. Jende gehiagoren bila ari dira 1.000ko kopurura iritsi arte. Hortaz, zinegotzien mezua argia da: “Gu bagoaz giza katera, eta zu?”.
Euskal Herrian aurrekaririk ez duen ekitaldia izango da ekainaren 10ekoa, Irungo Gure Esku Dago-k jakinarazi duenez. Donostia, Bilbo eta Gasteiz batzen dituzten 201,9 kilometroak eskuz esku lotzearekin batera, Euskal Herriaren estatus politikoaren gaineko gogoeta bultzatzea dute helburu. Kateko kilometro guztietan animazioa egingo da, eta behin hori eginda, jaialdia egingo da Donostian, kontzertuak izango direlarik bertan besteak beste.
Katerako partaideen bila aterako dira Irungo Gure Esku Dago-ko kideak datozen egunetan. Honakoa, non eta noiz egongo diren agertzen den zerrenda:
- Astelehenetik ostiralera, Hartu Hitzaren egoitzan (Arbelaitz kalea, 3), 11:30etik 13:30tara eta 18:30etik 20:30tara.
- Gaur (hilak 31), Kale Nagusian eta Santiago Kalean, 19:00etatik 21:30tara.
- Ostiralean (ekainak 1), Urdanibia plazan, 19:00etatik 21:30tara.
- Larunbatean (ekainak 2), Urdanibia eta San Juan plazan, 11:00etatik 13:00etara.
- Igandean (ekainak 3), Hartu Hitzaren egoitzan, 12:00etatik 14:00etara.