Gobernu taldeko kideek agerraldia egin dute gaur. Oposizioaren jarrera salatu du, eraso "zuzen eta pertsonalak" egiten ari direla salatu dute.
PSE-EEko hautetsi guztiak, gaurko agerraldian.
Jose Antonio Santano alkateak agerraldia egin du gaur, alderdi sozialistaren beste bederatzi zinegotziak alboan. Gobernu taldea “jazarpen kanpaina” jasaten ari dela adierazi dute, eta “hiritarrek egia jakiteko” egin dutela prentsaurrekoa. Esan dutenez, udalean zenbait eginkizun betetzen dituzten hainbat lagun kaleratzea proposatu du Si Se Puede Irun (SPI) taldeak; eta oposizio osoari esan diote: “Ezin dugu justifikatu 191.000 euro aurreztuko lituzketen langile kaleratzeak —SPIk proposamen hori egin zuen—, atzotik oposizioko alderdiek 5 milioi euro dituztenean kreditu aldaketa bat adosteko”. Gainera, eraso pertsonalak salatu dituzte: “Buka daitezela eraso pertsonalak. Bila ditzagun lanerako esparru amankomunak, elkarri min egin beharrean”.
Alkateak adierazi du irundarren babes zabala duela bere gobernuak udal hauteskundeetan lortutako emaitzei esker, eta lantzen ari diren egitasmoa “fruituak” ematen ari dela, “Irun erreferente bihurtzen ari da, eta bizi kalitate handiko eta zerbitzu oneko hiria da”. Oposizioak darabilen bidea adostua dela esan du, “suntsitzeko akordioa dute, ez eraikitzeko. Jazarpen eta itotze kanpaina dute egiten dugun udal kudeaketaren kontra; hori ez dute egiten proposamenekin, eraso zuzen eta pertsonalekin baizik”.
Udal talde bakoitzak dituen liberazioen berri eman dute gaurko agerraldian gobernu taldeko kideek. Horren arabera, EAJk hiru liberatu dituela esan du (5 zinegotzi ditu alderdiak); SPIk bi pertsona lanaldi osoarekin eta beste bat erdian duela (5 zinegotzi); EH Bilduk lanaldi osoan bi kide dituela (3 zinegotzi) ; PPk bat lanaldi osoz eta beste bat hiru laurdenean (2 zinegotzi); eta alderdi sozialistak bakarra, udal taldearen idazkaria. Alkatetza kabinetean, berriz, lau langile daudela, egun osoz, zehaztu du. PSE-EEk, alkatea barne. 10 zinegotzi ditu.
Hala, Alkatetza Kabinetean dauden langileek egiten dutena azaldu du alkateak —SPIren langile murrizketa proposamena bertara bideratua zegoen batik bat—, eta horiek beharrezkoak direla udalaren jarduna aurrera eramateko.