Plaiaundiko zelaian jokatuko du Zaisa Txingudi errugbi taldeak larunbatean Euskal Ligako Lehen Mailara igotzeko kanporaketako lehen neurketa.
Igoerako play-offa jokatzen hasiko dira bidasoarrak larunbatean.
Murrayfield estadioa Edinburgon (Eskozia) dago. Bertan jokatzen ditu Eskoziako errugbi selekzioak etxeko partidak. Diotenez, errugbia gehien bizi den estadioetakoa da Dun Eideann hirikoa (Edinburgo, gaelikoz). Batez ere etxeko selekzioak soropila zapaltzen duenean. Bada, larunbatean (16:00), Plaiaundiko zelaia antzeko zerbait izatea nahi dute Zaisa Txingudi errugbi taldeko kideek. Sasoiko azken partida izango da etxean, Euskal Ligako Lehen Mailarako igoerako play-offekoa.
Asko dute jokoan bidasoarrek. Euskal Ligako Lehen Mailara igotzeko lehen borrokaldia izango da larunbatekoa, eta aurrez aurre Nafarroako Menditarrak Rugby Taldea izango dute (Baztangoa da, zelaia Lekarozen dute). Nafarrak Euskal Ligako Lehen Mailako azkenak (bederatzigarrenak) izan ziren, eta Txingudikoak bigarren izan ziren Euskal Ligako Bigarren Mailako bigarren fasean. Horregatik jokatu behar dute play-offa bi taldeek.
Beraz, taldeko arduradunek errugbiaren eta oro har Bidasoko kirolaren zaleei eskatu diete larunbatenan, 16:00etan, Plaiaundin egon daitezela.