Gernikako Arbola batailoiko komandantea izan zen eta, erbestetik itzulita, PCEko idazkari nagusi, atxilotu, torturatu eta fusilatu zuten arte.
Osaba etxekoekin hobiratu nahi dutela esan du Maria Carrerak
Jesus Carrera Olaskoaga zenaren gorpuzkiak Hondarribira ekartzeko prozesua abiatu dute haren familiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. 1945eko urtarrilean fusilatu zuten Alcala de Henares hirian (Madril, Espainia), PCEko idazkari nagusia zenean.
36ko Gerran komunistez osaturiko Gernikako Arbola batailoiko komandante izatera iritsi zen hondarribiarra, eta, erbestean, Frantziako hainbat kontzentrazio eremuetan ibilitakoa, horien artean Gursen. 1942an PCEko idazkari nagusi izendatu zuten, eta Behobiko muga igaro zuen atzera, Madrilen ezartzeko. Alderdi komunista berregituratzeko xedez iztuli zen eta, agindua onartu zuenean, bazekien bere aurreko biak fusilatuak izan zirela. Halere, kargua onartu zuen, eta urtebetez aritu zen ezkutuko jardunean, 1943ko martxoan Segurtasun Zuzendaritza Nagusiak (DGS) atxilotu zuen arte.
Aitzol Arroyo historialariak Jesus Carrerari buruzko ikerketa egin du azken urteetan, eta Kandido Sasetaren pareko edo gehiago izan zela argi utzi du gaur goizean Kultur Etxean eskaini duten prentsaurrekoan. Arroyoren ondoan eseri dira Joserra Enparan, Sasetaren Aldeko Taldeko kidea, eta Maria Carrera, buruzagi komunistaren iloba. “Gure osabaren memoria berreskuratu nahi dugu, eta bere gorpuzkinak etxera ekarri, familiako panteoian gordetzeko”, azaldu du, eta eskerrak eman dizkie Enparani eta Arroyori, ikerketa abiatzeagatik: “Aitak esaten zuen bere anaia errepublika zalea zela, eta horregatik hil zutela, baina askoz gehiago ez genekien. Iritsi da osabaren historia isilpetik ateratzeko ordua”.
Non dagoen badakite
Arroyok gaur ziurtatu duenez, “Carreraren gorpuzkiak non dauden zehaztuta dugu, zein hobitan dagoen eta hobiaren zein lekuan”, eta lurpetik ateratzeko eskaera egina du Aranzadik. Astebete edo bi aste barru espero dute erantzuna eta, baiezkoa izanez gero, ekaina hasieran joango lirateke Carreraren aztarrenen bila.
Datozen egun eta asteotan jarraituko dugu Jesus Carrera Olaskoaga hondarribiarraren gorpuzkiak etxera ekartzeko prozesuaren berri ematen. Baten batek ekarpenik edo iradokizunik izanez gero,
posta elektronikoz egiteko eskatu dute ikerketa egin duen lan taldeak.