Webaren mundua, eta bereziki WordPress eduki kudeatzaile programa izango dira gai nagusiak. Ekainaren 2 eta 3an egingo dute.
Gaur Palmera Montero Gunean egindako aurkezpenaren irudia.
Irunek jasoko du WordCamp izenez ezaguna den Gipuzkoako lehen WordPress ekitaldi ofiziala. Gaur aurkeztu dute egitasmoa, Palmera Montero Gunean. Bertan, udaleko Hiri Bultzako ordezkari Miguel Angel Paezekin batera, Iban Vauero, Josean Rodriguez eta Pablo Moratinos antolatzaileak izan dira. Ekainaren 2 eta 3an egingo dute lehenengoz, Mondragon Unibertsitateko instalazioetan.
Webaren mundua, eta bereziki WordPress eduki kudeatzaile programa izango dira gai nagusiak. Horrela, orotara, 27 hitzaldi, tailer eta solasaldiak antolatu dituzte. Horietan, aditu zein profesional ugarik hartuko dute parte, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, esperientzia handi zein txikia duten herritarrek aukera izango dute ekitaldian parte hartzeko.
20 euroko sarrera ordaindu beharko dute interesdunek. Sarrera horrek bi egunetan parte hartzeko aukera emango du, ondorengo aukerekin: bazkariak, kamisetak, opariak…
Ekitaldia antolatzeko, Mondragon Unibertsitatea, Irungo Udala, Euskaltel Fundazioa eta webaren munduan zein WordPress programan adituak diren zenbait enpresaren laguntza jaso dute.