Epaitegiak Udal Euskaltegiko langileen urteroko kontratazioa legearen kontrakoa dela ebatzi duela jakinarazi eta egoera zuzentzeko exijitu du.
Euskaltegiko langileak aldizkako langile finkoak direla ebatzi du epaitegiak
Hondarribiko Abotsanitz alderdiak Udal Euskaltegiko langileak “iruzur egoeran” daudela salatu du aste honetan. Hori baieztatzen duen sententzia irmo bat dagoela ezagutarazi du eta kritikatu du udal gobernuak ez duela ezer egin egoera zuzentzeko.
Komunikabideei bidalitako ohar batean jakinarazten denez, iazko udaberrian, euskaltegitik kaleratutako langile batek jarritako helegiteari erantzunez, EAEko arlo sozialeko epaitegiak langilearen aldeko ebazpena kaleratu zuen: “Sententzia honek langilea legez kanpo kontratatuta zegoela frogatutzat eman zuen. Epaiak frogatutzat eman du aldi baterako —ikasturte bat, langile horren kasuan— kontratatzen diren langile hauek iruzur egoeran kontratatzen direla”. Sententziak, kontratu mota zein beharko lukeen argitzen duela gehitu du Abotsanitzek: “aldizkako langile finkoa”.
Oposizioko talde nagusiak nabarmendu duenez, batzordeetan eta idatzien bidez salatu izan dute euskaltegiko langileen egoera, eta langile bati eragiten dion sententzia irmoa iritsi den bezala, antzerako egoeran langile gehiago daudela deritzote: “Udalaren aldetik ez da urratsik eman arauz kanpo kontratatuta zein langile egon daitezkeen jakiteko, ezta euskaltegian bertan egoera berberean dauden beste lau langileen kontratazioa egokitzeko. Arduragabekeria nabarmena da egoeraren jakitun izanik konponbiderako urratsik ez ematea”.
Hori horrela, eskaera bikoitza egin diote Txomin Sagarzazu alkateari: “Euskaltegiko langileen kontratazio egoera urgentziaz zuzentzeko”, eta udalean “aldi baterako kontratu bidez kontratatutako langileak iruzur egoeran egon daitezkeen aztertzeko”.