Podemos, EAJ, EH Bildu, Ezker Anitza, Equo, Abotsanitz, Si se Puede Irun eta Euskadiko Partidu Komunistak babes guztia adierazi diote mobilizazioari.
Joan den astelehenean jendetza elkartu zen San Juan plazan.
Biharko, Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak
manifestazioa iragarri du. Antolatzaileen esanetan, “mobilizazio historikoa” izatea nahi dute, eta horretarako, eskualdeko herritar guztiak elkartu nahi dituzte. 18:00etan abiatuko da San Juan plazatik, eta Zabaltza plazan emango diote amaiera.
Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak jakinarazi duenez, biharko manifestazioari babesa adierazi diote Irungo zenbait alderdi eta elkartek. Horrela, Podemos, EAJ, EH Bildu, Ezker Anitza, Equo, Abotsanitz, Si se Puede Irun eta Euskadiko Partidu Komunistak babes guztia adierazi diote. Alderdi politikoez gain, GEPE, Duintasuna, Nagusilan, Gaurko Andreak, Irungo Hiritar Foroa, Oiasso Federazioa, Irungo auzo elkarte guztiak, Erletxea, Irungo errepublikarrak, Stop Kaleratzeak, Activemos Irun martxan eta ELA eta LAB sindikatuak ere atxikitu dira.
PSE-EEk ere babesa
Irungo PSE-EE bere kabuz atxikitu da biharko manifestazioari, kaleratu duen oharrean adierazi duen bezala. Alderdiak jakinarazi duenez, ordezkari eta kide guztiak biharko manifestazioan izango dira, “pentsio duinen alde”. “Irungo sozialistek gure etorkizuneko pentsioen inguruan herritarrek duten kezka partekatzen dugu”, adierazi dute.