Datorren larunbaterako (hilak 14) manifestazioa antolatu dute Txingudiko pentsiodunek, 18:00etan. Mobilizazioa "historikoa" izatea nahi dute.
Joan den asteleheneko elkarretaratze jendetsuaren irudia.
Azken hilabeteotako mobilizazio erraldoiekin jarraitzeko asmoz, datorren larunbaterako (hilak 14), Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa iragarri du. Pentsioen arazoak pentsiodunez gain, langile, emakume zein gazteengan ere eragina duela nabarmendu zuten atzo taldeak egindako prentsaurrekoan, eta horregatik, Bidasoko herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko deialdia. Larunbateko manifestazioa “historikoa” izatea nahi dute pentsiodunek.
Egungo pentsiodunen erosteko ahalmena geroz eta baxuagoa dela salatu dute, eta ondorioz, pertsona askok ezin dutela bizitza duin bat eraman kobratzen dutenarekin. Gobernu politikek gazteak langabeziara eramaten dituztela nabarmendu dute, kontratu prekarioekin, eta etxegabe izatera behartzen dituztela, “itxaropenik gabeko etorkizunera kondenatzen baitituzte”. Pentsio duin batzuk bermatzeko baliabide nahikoak badirela argitu dute eta pertsona guztientzako bizitza duin bat bermatzeko aukera badagoela.
Datorren larunbatean, ondorengo aldarriak entzungo dira Irungo kaleetan barrena:
- Egungo eta etorkizuneko pentsioen erosteko ahalmena mantentzearen alde, eta ez %0,25eko igoerari.
- 2011 eta 2013ko erreformak indargabetzea.
- Gizon eta emakumeen arteko pentsioen arrakalari ez.
- Egungo pentsioen zerbitzu publikoaren alde, eta pentsio duin batzuen bermearen alde ere bai, orain eta etorkizunean, Estatuko aurrekontu orokorrekin bateragarri izateko, behar bada.
- 1.080 euroko gutxieneko pentsio bat bermatzea, pobreziaren ataritik beherako pentsiorik ez egotea, Europako gutun sozialak adierazten duen bezala.
18:00etan abiatuko da manifestazioa, San Juan plazatik, eta Zabaltza plazan amaituko dute.