Guztira, 6,5 milioi euroko aurrekontuarekin ekingo diote obrari, eta 15 hilabeteko epean gauzatzea aurreikusi dute.
Lapitze auzo inguruan egingo dute sarbide berria.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi berri duenez, Irunek AP-8 autobidetik sarbide berria izango du. Bidegik bideratuko ditu obra guztiak, eta adierazi dutenez, urtea amaitu aurretik hasiko dituzte lanak.
Sarbide berriarekin Belaskoenea-Katea ingururako sarrera hobetu nahi dute, Donostiatik eta Donostiaranzko sarrera eta irteerak errazteko. Guztira, 6,5 milioi euroko aurrekontuarekin ekingo diote obrari, eta 15 hilabeteko epean gauzatzea aurreikusi dute.
Autobidearen 4.300 kilometro puntuaren parean egingo dute sarbide berria, Lapitze auzoan, Behobiaren eta Irun-Barrerako ordainlekuen artean zehazki. Aldunditik aurreikusi dutenez, eguneko, 2.500 ibilgailuk erabiliko dute sarbidea. Guztira, errepide bikoitz bat, zubibide bat eta autobideko sarrerako eta irteerako erreiak eraikiko dituzte. Oinaurreko biribilgunean hasiko da lotura berria, eta bide berriak 50 metroko kanpo diametroa izango duen biribilgune batera bideratuko dute. Biribilgune horretatik pasako da sarbide berria. Autobiderako irteera bidea maldan egingo dute, eta AP 8 autobidearen gainetik igaroko da, 47 metroko altueran.
Irungo Udala, kezkati
2016an, Irungo alkate Jose Antonio Santano eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusi Markel Olanok proiektua adostu zutela jakinarazi dute Irungo Udaleko Obra sailetik. Joan den urtarrilean aldundiari bilera eskaera egin ziotela adierazi dute udaletik (proiektuaren egoeraz hitz egiteko), eta oraindik erantzunaren zain daudela. Olanok onartutakoa errealitatea izango den “ziurtatu ezin” dutela adierazi du Mugikortasun, Bide Publiko eta Obren ordezkari Cristina Labordak, eta “ezinezkoa” dela aldundiak gai honetan eman dituen pausoak ezagutzea. Egoera horren aurrean, aldundiak proiektuan egin dituen “aurrerapen nuluen” inguruko azalpenak emateko bilera baten eskaerarekin jarraituko dutela jakinarazi dute udaletik.
EAJ berriz, pozik
Irungo EAJko Xabier Iridoy, sarbide berriak Iruni eta irundarrei emango dizkien “onurak modu baikorrean” baloratu ditu. Hiriak duen “arazo garrantzitsuenetako bati irtenbidea” eman diotela argudiatu dute jeltzaleek, trafikoa antolatzeko baliagarria izango dela. Bestalde, Udal Gobernuak sarbidearen inguruko albistearen aurrean “erakutsi duen jarrerarengatik harridura” azaldu nahi izan dute. Beste behin “bere burua biktima gisa” hartzea leporatu diote Irungo alderdi sozialistari, eta Santano alkateak bestelako erakundeekin elkarlanean aritzeko “ezgaitasuna” erakutsi duela salatu dute. “Benetan Irunen interesak defendatu nahi baditugu, hori ez da jarraitu beharreko bidea”, adierazi du Iridoyk.