Bihar (igandea), elkarretaratzea egingo da Puntalean, 11:45etik 12:00etara.
Hondarribiko Udalak gogor gaitzetsi du
ostegun gauean Alde Zaharrean izandako eraso matxista eta erantzuteko eskatu die herritarrei. Bihar (igandea), elkarretaratzea egingo da Puntalean, 11:45etik 12:00etara, eskola zaharrean egingo den Emakumearen Asteko omenaldiaren aurretik.
Udal Talde guztiek sinatuta, adierazpen instituzionala kaleratu du udalak. Testuan, udal ordezkariek erasoaren aurrean “gaitzespen irmoa” adierazi dute, eta erasoa jaso zuen emakumeari “hurbiltasuna eta elkartasuna” helarazten diote. Horrelako erasoak, “pertsonen arteko errespetuzko bizikidetza urratu” egiten dituztela nabarmentzen dute, eta “Hondarribian lekuz kanpo daudela” gaineratu.
Halaber, indarkeria matxistari aurre egiteko borondatea jasotzen du testuak, eta “indarkeria-mota hori prebenitzea, detektatzea eta horri erantzuna ematea denon egitekoa” dela nabarmentzen dute, herritarrena nahiz erakundeena.
Bukatzeko, herritarrei deia luzatzen diete, igandean Puntalean egingo den elkarretaratzera batu daitezen, eta gauza bera egin du gau goizean Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere bozeramaile Imanol Lasaren bitartez. “Jasanezintzat” jo du erasoa, eta bihar herrian egingo duten elkarretaratzearekin bat egingo dutela iragarri du. Lasa bera izango da Hondarribian, Berdintasunerako Organoko zuzendari Miren Elgerrestarekin batera.
Emeki Hondarribiko emakumeen elkarteak ere parte hartuko du igandeko protesta ekitaldian.