Ostegun gauean gizon bat atxilotu zuten Hondarribiko Alde Zaharrean bere bikotea kolpatzen ari zelako. Herritarrek eman zuten abisua.
Ostegun gauean Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Hondarribiko Alde Zaharrean, emakume bat, itxuraz bere bikotea, jipoitzen ari zelako. Segurtasun Sailak HITZAri baieztatu dionez, gauerdia baino ordu erdi lehenago gertatu zen, eta herritarrek eman zuten eraso matxistaren abisua.
Bikotea ez da Hondarribikoa, egun batzuk pasatzen ari zen herrian. Taberna batean zeudela eztabaidatzen hasi ziren, eta gizonak emakumeari kolpe bat eman zion masailean. Ingurukoek aurre egin zioten, egoera baretzea lortu zuten, eta tabernatik alde egin zuten biek elkarrekin.
Bezero bat haien atzetik atera zen, badaezpada, eta kalean berriro kolpatzen hasi zela ikusita udaltzainei deitu zien, eta hauek ertzainei. Patruila bat bertaratu zen eta gizona atxilotu egin zuten. Atzo utzi zuten epailearen esku.