Xabier Iridoy Hirigintza ordezkari ohiak egindako lana ikertu nahi dute horrela, eta Jose Antonio Santano alkatearen akusazioak egia ala gezurra diren argitu.
David Soto (SPI) eta Jokin Melida (EH Bildu), gaurko agerraldian.
Irungo Si Se Puede eta EH Bilduk agerraldia egin dute gaur. Bertan, David Soto (SPI) eta Jokin Melida (EH Bildu) Udal Gobernuaren hausturaz eta hemendik aurrera emango dituzten pausoez aritu dira.
Sotok hartu du hitza lehenik. Xabier Iridoy Hirigintza ordezkari ohiak Korrokoitz eremurako Plan Berezia garatzeko adostasun batetara iritsi zela jakinarazi zuenetik, “sekulako larritasuna” izan duten gertaerak gogoratu ditu, besteak beste, Jose Antonio Santano alkateak Hirigintza ordezkaria legetik kanpo eta udaleko teknikarien txostenetatik harago lan egin zuela salatzea, edota Irungo EAJk eta Iridoyk epaitegietara jo izana. Alkateak Iridoyri esandako hori “intsinuazio oso esplizitua” izan zela salatu du SPIko bozeramaileak, eta Santanok hedabide bati esandakoa gogoratu du: “Hau Marbellan ez dakit nola deituko zen”.
Sotok adierazi duenez, bi taldeek (SPI eta EH Bildu) “okasio ugaritan” gertatutakoa argitzeko beharra adierazi dutela nabarmendu du. Santanoren adierazpenetan egiarik dagoen jakin nahi dute, eta hala izango balitz, zein neurrian izan duen eragina Irun eta irundarrengan. “PSE-EEk eta EAJk daramaten teatro politikoaren zati izan den jakin behar dugu, edota benetako akusazioak izan diren”, adierazi du. Santanok esandakoa gezurra balitz, alkateak beregain zer nolako erantzukizuna duen argitu nahi dute.
EH Bilduko Jokin Melida bozeramaileak politikan denak ez duela balio nabarmendu du, eta Irungo Udalean “korrupzio edo ilegalitate” kasurik egon bada, alkatea azalpenak ematera “behartuta” dagoela. Akusazioa egia ala gezurra bada ere, akusazio guztien arrazoia azaltzeko eskatu dio alkateari. PSE-EE eta EAJ “hauteskunde zirkuan” kokatzen badira, egoera horrela ez dela geratuko adierazi du, eta ardura politikoak asumitu beharko direla. Bi bozeramaileek argudiatutakoarekin, Irungo Udalean ikerketa batzorde bat abiatzeko mozioa erregistratuko dutela jakinarazi du Melidak. Santanoren akusazioak “ezerezean” geratzen badira, alkateari dimisioa eskatuko diotela azaldu dute, “Irungo herriari eta irundarrei iruzur egiteagatik”.
Batzordearen ezaugarriak
Sotok batzorde horrek izango dituen ezaugarriak argitu ditu. Helburu bezala, Xabier Iridoyren jarduera ikertu nahi dute, eta ondoren alkateak esandakoa argitu. Batzorde horretan, udal talde bakoitzetik bi pertsonak hartuko dute parte, eta bakoitzak bozka bana izango du. Saio guztiak publikoak izango dira eta bi astean behin elkartzea proposatu dute. Talde politiko bakoitzak egoera argitzeko beharrezko dokumentazioa eskatzeko aukera izango du. Batzarraren amaieran, txosten batean ondorio guztiak bilduko dituzte, eta ondorengo udalbatzarrean ordezkariek txostena onartu ala ez erabaki beharko dute.
Agerraldia amaitu bezain laster bi taldeko bozeramaileak eskaera erregistratzera bideratu dira. Azaldu dutenez, plenoa baino zortzi egun lehenago aurkeztu behar da mozioa, beraz, hurrengo asteko asteazkenean (hilak 28) elkartuko dira.