Mugimenduko batzarreko kideek datorren astelehen (hilak 19) eta ostegunerako (hilak 22) hurrengo elkarretaratzeak deitu dituzte.
Gaur Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko batzarreko kideek egin duten agerraldiaren irudia.
Azken asteetan, Irun, Hondarribi eta Hendaiako pentsiodunak kalera atera dira, haserrez, pentsioek jasan duten
%0,25eko “igoera eskasa” salatzeko. Urtarrilaren 15 eta 22an egindako elkarretaratze arrakastatsuekin jarraitzeko asmoz, Txingudiko Pentsiodunen Mugimendua sortu berri dute hiru udalerrietako pentsiodunek.
Gaur, datozen asteetan egingo dituzten mobilizazioen berri eman dute. Jokin Uranga, Guadalupe Zapiain, Maite Ormazabal eta Juan Cruz Garaik mugimenduko batzordea osatu dute.
Lehena hitz egiten Garai izan da. Orain arte “modu hain orokorrean” izan ez duten pentsiodunen mugimendu bat sortzea lortu dutela nabarmendu du, eta azken elkarretaratzeek “indarra” hartu dutela. Hilaren 29ko elkarretaratze masiboa gogoratu du (600 lagun inguru elkartu ziren San Juan plazan) eta hurrengo astera, eguraldiak lagundu ez arren, ia 1.000 lagun inguru elkartzera iritsi zirela. Mugimenduak hiru aldarri nagusi dituela azaldu du Garaik: orain arteko galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, %0,25eko igoera salatzea eta etorkizuneko pentsioak bizitzaren kostuaren arabera aktualizatzea.
Guadalupe Zapiainek emakueen pentsiodunen egoera aztertu du. “Langile zein alargunak kaltetuenak gara”, adierazi du. Alargunen egoera “lotsagarria” dela salatu du, eta pentsio duinen alde “gogor” egingo dutela lan.
Maite Ormazabalek datozen mobilizazioen berri eman du. Datorren astelehenerako (hilak 19) hurrengo elkarretaratzea deitu dute, orain arte bezala, San Juan plazan. Hilaren 22an Espainiako Estatu mailan konbokatu dituzten mobilizazioei atxikituko dira Txingudiko pentsiodunak. Hiri handietan egingo dituzten arren, Gipuzkoako pentsiodunek herriz herri mobilizatzea erabaki dute. Gainera, hilaren 22ko elkarretaratzea horren ondoren, manifestazioa egingo dutela jakinarazi dute. Manifestazioa amaitu bezain laster, Fatima Bañez ministroari gutun bat bidaliko diote.
Mobilizazioak ez dira soilik datozen asteetara mugatuko. Urangak jakinarazi duenez, hemendik aurrera astelehenero edo bi astean behin elkartzeko asmoa dute. “9 milioi pentsiodun gara, sekulako indarra dugu egoerari buelta emateko”, gehitu du. Amaitzeko, datozen mobilizazioei begira, informazio zehazten joango direla argitu dute.