Jose Antonio Santano alkateak "bota dituen akusazio faltsuak frogatzeko" epaitegietara jo dute jeltzaleek. Xabier Iridoyk eta Lander Ugartemendiak agerraldia egin dute gaur.
Xabier Iridoy eta Lander Ugartemendia, gaur goizeko agerraldian.
Gaur goizean, Irungo EAJko Xabier Iridoy eta Lander Ugartemendiak agerraldia egin dute epaitegiaren aurrean. Jose Antonio Santano alkateak frogarik aurkeztu ez dituelako auzibidera jo dute jeltzaleek, alderdiaren eta Hirigintza ordezkari ohiaren irudia eta ohorea “garbi gera dadin”.
Irungo EAJko lehendakari Lander Ugartemendiak Santanori “bizpahirutan” frogak aurkezteko eskatu arren, ez duela egin nabarmendu du. Irungo EAJ eta EAjJren izenean, Iridoyren eta alderdiaren izena kaltetzea “ez Santanori eta ez inori” utziko diotela ere esan du. “Politikan ezin da gezur bat bota eta gero frogarik ez aurkeztu”, adierazi du. Alkatea “legearen eta etikaren gainetik” egotea ez dutela onartuko irmoki salatu du, “Irun, Santano baino askoz ere gehiago baita”.
Ondoren, Hirigintza ordezkari ohiak hartu du hitza. Txosten teknikoen eta hirigintza legetik kanpo ibili dela akusatzea “onartezina” dela esan du Iridoyk. Akusazio horien aurrean, “bide judiziala” irekitzea erabaki dute jeltzaleek. Horrela, gaur goizean. Iridoy: “Erabaki dugu auzibidera jotzea eta Jose Antonio Santanok bete beharreko adiskidetze-ekitaldi bat eskatzea”. Epailearen aurrean jarri nahi du alkatea Iridoyk, eta “egin dituen akusazio faltsuen frogak mahai gainean” jartzera animatu du. Frogak aurkezteaz gain, politikariaren “ohorea garbi” geratzeko jo dute auzibidera, akusazio horiek Iridoyren ohorea “kolokan” jarri dutelako.
Udal gobernuko kide izendatu zutenetik, “beti gardentasun osoz” lan egin duela ere nabarmendu nahi izan du Iridoyk. “Irunek ez du horrelako alkate bat merezi”, gehitu du. Epailearen aurrean Santanok ematen duen erantzunaren arabera, alderdian egoera aztertuko dutela jakinarazi dute, emango dituzten hurrengo pausoak definitzeko.