Xabier Iridoyk gaur irudikatu du udaleko gobernu taldeko bi alderdien arteko harremana ez dela ona. Korrokoitzeko gaiak azaleratu ditu desadostasunak.
Xabier Iridoy.
Orain bi aste inguru, Irungo Udaleko Hirigintza ordezkari Xabier Iridoyk (EAJ) Korrokoitz inguruko Plan Berezia garatzeko jabe pribatuekin akordio batetara iritsi zela jakinarazi zuen. Informazio horren harira, udaleko Ogasun ordezkari Miguel Angel Paezek (PSE-EE) erabakia erabat onartu aurretik, ikertu beharko zela adierazi zuen, Iridoyren hitzak kontrajarriz. Gainera, Jose Antonio Santano alkateak, besteak beste, plan hori alkatea berak onartu behar duela gogorarazi zuen. Bi alderdien arteko harremana, egun, ez da onena, eta azken egunetako adierazpen horiek gobernu taldearen sintonian eragina izan dute. Aurretik ere izan dituzte ezadostasunak beste hainbat gairen gainekoak.
Gaur, Iridoyk adierazpenak egin ditu
Antxeta Irratian. Lehenik eta behin, alkateak egin dituen adierazpenak ezin dituela pasatzen utzi argitu du, “adierazpen gezurti eta zeharo onartezinak” direla esan du. Gainera, EAJ eta Korrokoitzeko bizilagunak errespetatzeko exijitu dio. Alkateak, adierazpenekin egoera bideratzea baino, irtenbidea urrundu egiten duela salatu du.
Bestalde, joan den astean bezala, Korrokoitzerako ordenazio berrirako akordioa badagoela berretsi du beste behin jeltzaleak. Plan Berezia onartzeko tramitazio legalak ondo ezagutzen dituela adierazi du, eta ondorengoa gehitu du: “Alkateak ez dit niri leziorik eman behar”. Gainera, Korrokoitzen “beharrezkoa” den garapen urbanistikoa “bere onura pertsonal eta politikorako” ez erabiltzeko eskatu dio alkateari. Udaleko edozein arloan, akordioen berri soilik alkateak eman dezakeela salatu du, eta beste guztiek bere menpe egon behar dutela. Azkenik, hirigintzako eskumena berak duela nabarmendu nahi izan du, eta berak emango duela aurrerapen guztien berri.
Udal Gobernuan oreka EAJri esker dagoela gogorarazi nahi izan dio Iridoyk alkateari Antxeta Irratiari egin dizkion adierazpenetan, eta haren ustez, arriskuan jartzen ari dela irundarrontzat beharrezkoak diren hainbat proiektu. Horrez gain, udaletko alderdi politikoak eskertu nahi izan ditu Iridoyk, emandako babesarengatik.