Euskaraldia, 11 egun euskaraz aurkeztu dute gaur Hondarribian. Kike Amonarrizek hitzaldia emango du hilaren 25ean Itsas Etxean.
Herriko aurpegi ezagun asko elkartu dira Euskaraldia aurkezteko
Euskaraldia, 11 egun euskaraz iniziatiba aurkeztu dute gaur goizean Hondarribian. Erabilera handitzeko helburua du, eta udazkenera begira ari dira antolatzen Euskal Herrian zehar. Gaur, Hondartza kiroldegiaren kanpoaldean egin dute aurkezpena eta bertan izan dira Txomin Sagarzazu alkatea, Blagan Euskara Elkarteko Martin Lizeaga eta Kike Amonarriz soziolinguista eta Euskaltzaleon Topaguneko kidea. Haien atzean, herriko arlo askotariko eragileak bildu dira: udaleko beste ordezkari batzuk, Euskara Zerbitzukoak, kirol elkarteetako ordezkariak, hezkuntzakoak, gizarte arlokoak, ostalaritzakoak, merkataritzakoak…
Alkateak nabarmendu duenez, erabilera sendotzea da bildu direnen komuneko helburua: “Hemen gauden guztion helburua berdina da, gurea dugun euskararen erabilera sendotzea; jakin badakigu hizkuntza ezagutzen duten eta erabiltzen dutenen artean aldea dagoela, eta denon lana eta asmoa da tarte hori txikitzea”.
Sagarzazuren ustez, erabilera handitzeko ezinbestekoa da herriko arlo guztietan eragitea, hori horrela, eskerrona adierazi du gaurko argazkian “herriko panoramika” azaltzen delako: “Eguneroko ohitura eta lanez gain, ekimen berri batekin gatoz, eta horretarako ezinbestekoa dugu aurpegi ezagunak eta parte hartzea egotea proiektu garrantzitsu honetan”. Erantsi duenez, “oso argi dugu Hondarribian euskaraz gehiago hitz egin nahi dugula”, bakoitzaren hizkuntza gaitasuna bat edo beste bat izan. Dei berezia egin die “ia euskaldun” direnei, eta euskara ezagutzen ez dutela adierazi baina maila batean ezagutzen dutenei: “beraiek ere parte hartu behar dute”.
Urte eta erdi da Blagan sortu zela, eta sortu zenetik erabilerarekin kezka azaldu du elkarteak, are gehiago, erabilera eskasia izan zen Blagan sortzeko arrazoi nagusia. Horregatik, Euskaraldia ideiaren garrantzia nabarmendu du Lizeagak: “Blagan sortu zenetik euskararen erabilera datuak oso kezkagarriak direla uste dugu, eta hau bezalako ekimenekin aurrera egin behar dugulakoan gaude. Ezinbestekoa da denon parte hartzea eta gure aldetik prest gaude laguntzeko”.
11 egun euskaraz
Hilaren 25ean hitzaldia emango du Kike Amonarrizek Itsas Etxean, 18:00etan. Bertan azalduko ditu
Euskaraldia, 11 egun euskaraz iniziatibaren nondik norakoak, baina gaur ideia nagusia aurreratu du: “Herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmoa da, herritarrak euskarekiko aktibatuko dituena. Hondarribian 2016an egindako kale neurketan euskararen erabilera eskasa eman zen, %24. Denon esku dago datu hori hobetzea, ekin diezaiogun bada gaurtik aurrera”.
Eta bide horretan proposamen zehatz bat egingo du Euskaraldiak, 11 egunez euskaraz gehiago mintzatzea, azaroaren 23tik abenduaren 3ra. “Herritarrei eskatuko zaie bere hizkuntza portaerak aldatzea, euskara gehiago erabiliz edo aukera emanez”. Horretarako bi figura sortuko dira:
ahobiziak, euskal hiztunak, eta
belarriprestak, euskaraz gutxi jakin arren ulertzeko eta elkarrizketa bat ele bitan eramateko gai dena.
Bakoitzari zer eskatuko zaion azalduko du Amonarrizek hilaren 25ean. Hori bai, berak, alkateak eta Lizeagak nabarmendu duten bezala, erabileraren erronka ezin da 11 egunetara mugatu, urteko 365 egunetan presente eduki beharreko gaia da.