Bizilagunen iritzia jaso nahi dute alderdiko kideek, Irun "bidezkoagoa, sortzaileagoa eta iraunkorragoa" bilakatzeko asmoarekin.
Irungo Aiako Harria kalean aurkeztu dute Kalez Kale egitasmoa.
Irungo Ahal Dugu taldeak ekimen berria aurkeztu du gaur. Irungo Anaka auzoko Aiako Harria kalean, David Soto eta alderdiko beste kideak Kalez Kale egitasmo berriaren nondik norakoak zehaztu dituzte.
Zehazki, urte guztian zehar, hilabetean behin, Irungo auzo batetik pasako dira, auzotarren proposamenak edota iradokizunak entzuteko. Bizilagunen iritzia jaso nahi dute alderdiko kideek, Irun “bidezkoagoa, sortzaileagoa eta iraunkorragoa” bilakatzeko asmoarekin. Auzoetara egingo dituzten bisiten aurretik, auzoko bizilagun guztien postontzietan komunikatu bana bidaliko dute, eguna eta ordua zehazteko. Kalez Kale egitasmoaren lehen bilkura Anaka auzoan izango da (data oraindik zehazteke).
Horrez gain, gaurko bilkuran jorratuko dituzten gaiez ere mintzatu dira. Udal gobernuari, zergei dagokionean, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren errekargua planteatu diote, eta Miguel Angel Paez Garapen Jasangarriko ordezkariak ikertzeko konpromisoa hartu duela zehaztu dute. Besteak beste, jarduera eta komertzioen irekieraren lizentziaren hobariaren handiagotzea planteatuko dute.