Eskualdeko 37 GKE eta elkarte bilduko dira igandean Hondarribiko Butron pasealekuan, abian dituzten proiektuak herritarrekin konpartitzeko.
37 talde elkartuko dira igandean Butronen, horietako batzuk egon dira aurkezpenean
Eskualdeko elkartasunaren erakusleiho izango da seigarrenez Hondarribiko Butron pasealekua igandean, urriak 1, 11:00etatik 14:30era. Hondarribia Elkartasunean jardunaldiko seigarren ekitaldia antolatu du udalak urriaren 1erako, eta bertan Gizarte Zerbitzuetako departamentuaren laguntza jasotzen duten 20 Gobernuz Kanpoko Erakundek eta 17 elkartek parte hartuko dute. Hondarribiko Udalaren Gizarte Zerbitzuetako departamentuak GKE eta elkarteen artean denetara 123.393 euro banatuko ditu aurten, eta diru hori zertan inbertitzen den ikusteko modua izango da igandean. Izan ere, diruz lagundutako elkarte bakoitzak stand bat izango du, bere jardueraren berri emateko balioko diona.
“Haien jardueraren inguruan hausnartzea, informazioa eskaintzea eta laguntza ematea da saioaren helburua”, azaldu du Maria Serrano Hiritarren Arretarako zinegotziak gaur goizean udaletxeko areto nagusian egin den aurkezpenean. Serranoren ondoan, Taupadak, Pausoka, Agipase, Begisare eta Txingudi Vida elkarteetako kideak eseri dira, Butronen izango diren 37en ordezkaritza gisa.
Zinegotziaren hitzetan, “herritarrek entitate horiei aurpegiak jartzeko, eta jakiteko zein lan egiten duten” balioko du Hondarribia Elkartasunean-ek, eta boluntario bezala aritzen den jendearentzako aitorpena ere badela gaineratu du Serranok.