Hondarribia Eusko Label Ligaren bila joango da asteburuan. Horretarako, oso fin ibili behar da, eta ahal balitz, bi estropadak irabazi.
Hondarribiko arraunlariak eta entrenatzailea, igandean, Kontxan.
Kontxa gorabeheratsuaren ondoren, Hondarribia Arraun Elkartea Donostiakoak ahaztu eta Eusko Label Liga irabaztera joango da gaur eta bihar. Izan ere, sailkapen nagusian lehena da Urdaibai 178 punturekin, eta bigarren dira berdeak 175ekin. Liga lortzeko aukerarik errazena litzateke
Ama Guadalpuekoa-k asteburuko bi estropadak irabazi, eta horietako batean Urdaibaik huts egitea. Zaila, baina ez da ezinezkoa.
Asteburuko lehen estropada gaur da, 18:00etan hasita: Bermeo Hiria XXXV. Bandera, Urdaibairen etxean. Iaz, adibidez, etxekoek irabazi zuten estropada hori, eta 2015ean hondarribiarrena izan zen garaipena.
Bihar, Ligako azkena Portugaleten. El Corte Ingles bandera klasikorako ziurrenik dena erabakitzeke egongo da, eta 12:00etan hasiko den lehian hortzak estu izango dituzte Mikel Orbañanosek entrenatutakoek. La Caixa koroak badu aukerarik Hondarribira itzultzeko.
Aurten bost bandera ditu irabaziak
Ama Guadalupekoa-k ligan. Iaz bederatzi irabazi zituen. Aurten zazpira joango balitz, koroa herrian egoteko aukera asko leudeke.
Arraun elkarteak autobusak antolatu ditu Bizkaiko estropadetara joateko. Zaleak ondoan izango dituzte.
San Juanek, bere aldetik, lan guztiak eginak dauzka. Ligako seigarren postua ziurtatua du, ezusteko larririk ezean. 100 punturekin, aurretik Zierbena dute arrosek (113 punturekin), eta atzetik Tiran, 83rekin. Iazko laugarren postua (147 punturekin) ez dute errepikatuko sanjuandarrek, baina sasoi ona egin dutela nabarmendu behar da.
Play-offa
Bermeon eta Portugaleten, Eusko Labeleko azken bi banderekin batera, 2018an liga horretan bi postu nork beteko erabakitzeko play-offa egingo da gaur eta bihar, Bermeoko eta Portugaleteko estropadekin bat eginez.
Goitik, Eusko Labeletik jaisteko arriskua duena Ares da, eta behetik gora igotzeko aukera Donostiarra eta Santurtzi KAE1 Ligatik, eta Galiziako Ligatik Meira eta Pueblak dute. Bosten artean bi plaza izango dira jokoan onenen artean izateko.