Jaizkibel konpainiak babes handiarekin, inoizko handienarekin, egin du gaur Alardeko bere bidea. Plastiko beltzak ez dira falta izan, ordea.
Erakundeetako ordezkariek udaletxean egin diete harrera Jaizkibeli. Hainbat udal taldetako ordezkariek, berriz elizan.
Inoizko babes handiena jaso du gaur Jaizkibel konpainiak Hondarribiko Alardean. Kale Nagusian batez ere aurreko urteetan nekez ikus zitekeena sumatu da: herritarrak konpainiari txaloka, asko gainera. Bizkarra eman dutenak, eta plastiko beltzen atzean jarri direnak izan dira, baina konpainiaren aldekoek harro azaldu dute Alardearen gunerik garrantzitsuenean, Kale Nagusian, konpainia parekidearen alde daudela. Desfilatzen ari zirenak, oso-oso harro. Gozatzen. Pozez. Hogei urte bete ditu aurten konpainiak
Tentsioa egon da. Baina aurreko urteekin alderatuta, gutxiago. Ertzainek ez dute babestu konpainia Kale Nagusian,
Jaizkibelek hala eskatu arren. Ez da beharrezkoa izan. Lasai zeharkatu dituzte Jaizkibelekoek desfilearen puntu guztiak, ez da aparteko gatazka unerik sortu. Horrek konpainiaren bidea indartu egin du, konfiantzaz bete ditu partaideak.
Erakundeetako kideek harrera egin diete Jaizkibelekoei: Denis Itxaso aldundiaren izenean (Kultura diputatua da), Izaskun Landaida Emakundekoa, Arartekoaren ordezkaria ere izan da, Udalbiltzako kideak ere, baita ia alderdi politiko guztietako ordezkariak ere. EAJ eta PP falta ziren harrera horretan. Kale Nagusiaren bukaeran, elizan, Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten alderdi batzuetako kideek eman diote babesa Jaizkibeli: Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EE. EAJko eta PPko zinegotzirik ez.
Jarraian, behin Jaizkibelen desfilea bukatuta, HITZAk jaso dituen hainbat erreakzio:
Oihana Etxebarrieta (Jaizkibel konpainiaren kapitaina): “Lasai egin dugu bidea. Kale Nagusian Ertzaintzaren presentzia eskatzen genuen, ikusten genuelako oraindik baldintzak betetzen ez zirela. Ez dira egon. Hala ere, lasai joan gara, baina haurrak kendu ditugu, badaezpada, hasieran. Gero sartu dira”.
Pozik gaude. Gero eta konpainia handiagoa gara, geroz eta gazte jende gehiagok egiten du bat gurekin, eta uste dugu horrek azkenean pixkanaka jaia berdintasunean gozatzeko bidera eramango gaituela. Egiteko asko dago oraindik, esker beroenak eman nahi dizkiegu gurekin egon diren erakundeei, geroz eta alderdi gehiagok egiten dute bat gurekin. Udalari, aldundiari eta Jaurlaritzari eskatzen diegu ahalik eta azkarren elkarrizketaren bidea zabal dezatela, modu ireki edo diskretoan, nahi duten bezala, baina Jaizkibelek beti esan du prest dagoela elkarrizketarako. Beharrezkoa da, eta bide horretan jarraituko dugu. Ezin ahaztu 20 urte bete ditugula, pozik gaude, gero eta gazteagoa da konpainia, indarra hartzen ari gara, gero eta gehiagok txalotzen gaituzte. Pertsona guztien indarrik gabe ezingo genuek aurrera egin”
Amets Mariskal (Jaizkibel konpainiaren kantinera): “Aurten askoz jende gehiago ikusi dut gu babesten. Bizkarra eman dutenak izan dira, bai, baina Kale Nagusian askok eta askok txalotu gaituzte. Gustura nago nola joan den desfilea. 14. urtez desfilatu dut. Sei urte nituenetik desfilatzen dut”.
Julia Hernandez (Arartekoaren ondokoa): “20 urteren ondoren Hondarribiko alardera etortzen jarraitzea ez da oso albiste ona. Baina onartu behar da jaietan berdintasuna eta parte hartzeko eskubidea, bakoitzak nahi duen bezala, bermatzeko saiakera egiten ari garela hemen egonda. Bestekakoan, tristea da oraindik horrela jarraitzea. Arartekoaren partetik elkar ulertzeko espazioak bilatzen saiatuko gara, hori da modu bakarra gai hau konpontzeko. Bakoitzak bizi dezala festa nahi duen bezala. Eta elkar ulertzeko espazioak sortzeko garaian erakundeak, Hondarribiko Udala barne, ezinbestekoak dira. Zaila da, baina lanean jarraituko dugu”.
Izaskun Landaida (Emakunderen zuzendaria): “Urtero etortzen gara Jaizkibel konpainiari gure aitortza eta elkartasuna adieraztera. Izugarrizko lana egiten ari dira. Berdintasunaren eta balio aldaketen aldeko lanean denon inplikazioa beharrezkoa da, eta ezin da egunetik gauera aldatu.
Baina nik gaur nabarmendu nahi nuke hogeigarren urteurren honetan Jaizkibelek egin duen eta egiten duen izugarrizko lana. Oroitu behar dugu tradizioak giza kohesiorako elementu oso garrantzitsu direla, baina testuinguru zehatz batean sortu zirela. Garai berrietara egokitu behar dira, ordea. Eta aldaketa horiek egitea ez da tradizioaren kontra joatea: tradizioa indartzeko estrategia dira. Eta hori egiteko bidea elkarrizketarena da. Zentzu honetan eskaera bat egiten diogu Hondarribiko Udaleko alderdi guztiei elkarrizketarako bidea egin dezaten. Denok dugu gure erantzukizuna gaian, ez dago baten esku”.
Igor Enparan (Abotsanitz): “Ilusioz bizi dugu gaurko eguna. Goiz-goizetik giro onean hasi gara. Nik uste dut normaltasun baten barruan hartu behar dela eguna. Urtez urte urratsak ematen ari gara berdintasunaren alde. Kale Nagusian bizi dugun giroa beste urte batzuetan baino atseginagoa dela iruditzen zaigu. Konpainia bat pasatzen ikusi dugu [Jaizkibel konpainia], eta besteekiko ez dugu ezberdintasunik ikusten. Haiekiko harrera ere gero eta zabalagoa da: udaletxean gero eta jende gehiago biltzen ari da, baita elizan ere. Urratsa da hori, positiboa. Espero dezagun urratsak egitea baino, besteek jauziak ematea”.
Maddalen Iriarte (EH Bilduren legebiltzarkidea): “Lehenik eta behin zorionak Hondarribiko emakume eta gizonei, denek ongi pasatzeko hautua egin dutelako. Baina oraindik horretarako ez dago aukera osoa. 20 urte bete ditu Jaizkibel konpainiak, zorionak eman nahi dizkiogu egin duen lanagatik, baina oraindik ere badago aurrera urratsak egiteko beharra. Zentzu horretan, ikusi nahi genituzke hemen herriko alkatea, diputatu nagusia, lehendakaria, aurrez aurre ikus dezaten hemen zer gertatzen den, eta zeri egin behar dioten aurre. Jaizkibelen parte hartu nahi duten emakumeek eta gizonek zer egiten duten ikusi beharko lukete. Emakumeen eskubideak eskubide unibertsalak dira, eta eskubideak eta jaiak bateragarriak dira. Gainerako gauza guztiak apurka moldatu beharko ditugu: bada moldatzeko garaia”.
Maria Valiente (Podemoseko-Ahal duguko batzarkidea): “Gaur egun ezin da pentsatu emakumeak ezberdinak garela, ez ditugula gizonen eskubide berberak. Orduan, argi dugu, ni irundarra naiz, jaiak bizitzen ditut betidanik, eta poz handiz gaude hemen Jaizkibel babesten eta ahal dugunean desfilatzen. Poz handiz ere egon ginen larunbatean Jaizkibelen Berdintasunaren Hiria Sariaren banaketan, eta gozatzeko aukera izan genuen haiekin. 20 urte daramagu hau guztia lortzen, eta egiten jarraituko dugu, bai Irunen zein Hondarribian. Emakume guztiek dute jaietan berdintasunean gozatzeko aukera, eta behingoz Hondarribian jasaten duten diskriminazioa gelditu behar dugu. Jaiak herrienak, herritarren ondare dira. Nahi dugun gizartearen isla izango diren jaien alde borrokan jarraituko dugu: parte hartzailea, anitza, inklusiboa eta berdintasunean oinarritua”.