Algara peñak maiatzean Puntalean Irrintziri irabazitako Carmen kaleko Bandera eta Hondarribia Arraun Elkartearena atera ditu kalera sanferminetan.
Carmen kaleko bandera, arraun elkartearena, Algara peñaren egoitzan (arg: Ketxus Ponce)
Iruñeko Carmen kalean dute egoitza Algara eta Irrintzi kuadrillek, maiatzaren 20an Hondarribiko
Puntalean estropada egin zuten bi elkarteek. Nafarroko hiriburuko peña guztiek bezala, ondo pasatzea dute Irrintzik eta Algarak helburu eta, denbora librean, ondokoa zirikatzea gustuko dute. Eta gaur hasiko diren sanferminetan, Hondarribian gertatuko zena izango dute gogoan, gustatu ala ez.
Batetik, Irrintzik, estropada galdu zuenak, Algarakoak dopatu egin zirela salatu du
aurtengo festetarako prestatu duten pankartan. Algarakoak, irabazleak, ez dira hainbeste nabarmendu orain arte, pankartaren atzeko aldean Hondarribia Arraun Elkarteari keinu txiki bat eginez. Baina atzo, gaurko txupinazoaren aurretik kalea atondu zutenean, artilleria guztia zabaldu zuten, Ama Guadalupekoa eta Bou Bizkaia artean dagoen lehia hutsaren pareko utziz.
Maiatzeko estropada adostu zuen Ketxus Ponce hondarribiarrak bake santua ezartzera bidaiatu du Iruñera, eta berak bidali dio HITZAri argazkia. Egun batzuez bitartekari lanak egingo ditu Poncek, eta berak ere Carmen kalean ezarri du bere egoitza. Arraun elkartean beldur dira, ea oraingoan zein proposamen erorekin itzultzen ote zaien.
Bitartean, sanferminetara hurbiltzen diren hondarribiarrek nahitaez agertu beharko dute Carmen kalera, argazkia edo selfia egitera. Gainera, astelehenean
Hondarribiko Elektropatxarangak joko du Iruñean, eta hain zuzen ere Carmen kalean dute saioa, Herriko Tabernaren taulan. Gaurtik hilaren 14ra, eta 10ean bereziki, Hondarribikoa ere izango da Iruñeko Carmen kalea.