Hondarribia, Iruñeko sanferminetako pankarta batean
Iruñeko Algara eta Irrintzi konpartsek estropada egin zuten maiatzean Hondarribian. Algarak irabazi zuen, baina dopatu zirela salatu du Irrintzik.
San Fermin Txikiton izandako eztabaida bat argitzeko maiatzaren 20an estropada egin zuten Iruñeko bi konpartsek Hondarribian. Carmen kalean dute egoitza bai Algarak —Bullicio pamplones izenaz ere ezaguna—, bai Irrintzik, eta lehenengoek, Algarakoek irabazi zuten desafioa, Carmen kaleko Bandera eskuetan itzuli ziren Hondarribitik Nafarroako hiriburura.
Historia irabazleek idazten dutela diote, baina oraingoan galtzaileak aurreratu dira. Galdu zutela bai, baina besteek tranpa egin zutelako galdu zutela, hori ikus daiteke uztailaren 6tik 14ra bitarte Irrintzi konpartsako kideek Iruñeko kaleetan barrena paseatuko duten pankartak: “IruñEPO Algara Txapeldun”.
Zaila da honek guztiak zer ondorio izango dituen iragartzea, baina soka luzea ekarriko duela, hori seguru.
Irrintzi konpartsak Sanferminetan erabiliko duen pankarta